Kopuru zehatza ez dakigunean, edo bi zenbakiren artean zalantzan gaudenean, esapide hauek erabil ditzakegu:
BIZPAHIRU aldiz baino ez dut ikusi.
Bi EDO hiru aldiz baino ez dut ikusi.
BI-HIRU aldiz baino ez dut ikusi.
HIRUZPALAU libururekin nahikoa izango da.
Hiru EDO lau libururekin nahikoa izango da.
HIRU-LAU libururekin nahikoa izango da.
LAUZPABOST kenduta, gainerako guztiak ondo daude.
Lau EDO bost kenduta, gainerako guztiak ondo daude.
LAU-BOST kenduta, gainerako guztiak ondo daude.
BOSPASEI lagun etorri dira.
Bost EDO sei lagun etorri dira.
BOST-SEI lagun etorri dira.
PASARTEA
Dios ezagutu nuenekoa
"Kalera irten eta ez nuen inor ikusi, / Kalera irten eta ez nuen inor ikusi, / O jauna!, jaitsi zaitez azkenez / ezen Infernuan ez baitago inor." Zioen Leopoldo María Panerok. Zoro zegoen, edo hori zioten medikuek behintzat.
Kalean noa, bakarrik. Astelehen arratsaldea, udazkena hasi berri, hego haizea. Kalearen bukaeran agertu da Txus, Arrasateko zoroa. Denok ezagutzen dugu; nori ez dio ba "Qué feo es Mondragón cuando nieva" bat bota abuztuko egunik itsaskorrenean... Onartuko dut beldur puntua sartu zaidala; mobila hartu eta aurrera jarraitu dut. Hortxe heldu da iruzkina: "Qué va, si Dios soy yo" esan dit. Aurrera jarraitu du, besterik gabe. Leopoldo, kasu egin dizu Jaunak, etorri da. Zu beharrean, ordea, ni aurkitu nau Infernuan, bakarrik.
IPUINA
Bonbilla
Zer luzeak ziren gau-egunak zigor ziegetan. Ez ziren gozatzekoak
ez gaueko orduak, ez egunekoak. Presoa, gainera, eguzki argirik
gabeko ziegara sartu zuten. Ezin zen han gaua eta eguna bereizi.
Bonbilla bat zegoen bakarrik, funtzionarioek pizten eta amatatzen
zutena. Presoak, zelako galtzaile begiradaz zenbatzen zituen
egunak, bonbilla egunez piztuta eta itzalita gauez egoten zelakoan.
Baina, ez zekien, funtzionarioek bonbilla hori aste betez piztuta
uzten zutela eta beste aste betez itzalita.
Joseba Sarrionandia