bete
Iraupena adierazten dute denbora-izen bati -bete erantsiz osaturiko hitzek: ordubete, astebete, hilabete, urtebete. Sistemaren ohitura hori izanik ere, ordua baino denbora laburragoa adierazten duten denbora-unitateetan ez da erabiltzen: *minutubete eta *segundobete ez dira erabiltzen.
Bestalde, hitz horiei ez zaie zenbatzailerik jarri behar (*astebete bat), -betek berekin du-eta bat esanahia.
Salbuespena da hilabete (→ hile > hil/hilabete):
Hizkera batzuetan, hil erabili ordez hilabete erabiltzen da aldi oro (heldu den hilabetean = datorren hilean), eta, ondorioz, hil hitzak hartzen duen gisan hartzen du hilabetek ere bat zenbatzailea:
Hilabete egon naiz gaixorik.
Hil(abete) bat egon naiz eri.
Beste neurri batzuetan, hitzari itsatsi gabe doa bete (salbuespenak dira besabete, hazbete eta gizabete):
esku bete intxaur,
eskua bete lanperna,
eskuak bete hauts,
katilu bete esne,
kolkoa bete diru,
metro beteko olatuak,
arra beteko uretan ito,
aho betean kantatu,
begiak bete lo egin,
baso bat bete ardo, ontzi bat bete ur...
Molde horretakoetan, neurri-hitza (esku, katilu, kolko...), eman berri ditugun adibideetan ikus daitekeenez, mugagabean, mugatu singularrean, mugatu pluralean eta aurrean bat zenbatzailea duela erabili izan da tradizioan. [OEH]
Artikulua
Iltzatuta
Igandeak egun politak dira. Arrats politak dituzten egunak dira, hobe esateko. Nire etxeko atarira heltzeko zeharkatu behar dudan kale luzea hutsik dago, guztiz mortu. Farolen argi hilkorrek xume argitzen dituzte itzal ilunak, izarren argi jainkotiarraren begiradapean. Atarian, postontzietara jo dut; Nora Zubizarreta, Martxel Garmendia, 2.ezkerra dio duela sei urte izena jartzeko zirrikituan sartu genuen etiketatxoak. Ez dut kendu oraindik, ez. Mina ematen dit oraindik, bai. Baina hortxe dago, etiketatxoa zirrikituan engantxatuta geratu zen bezala geratu naizelako ni zure oroitzapenean iltzatuta. Iltzatuta, iltzez josita geratu nintzen, eta mina ematen didazun arren, min handiagoa ematen dit zugandik urruntzeak. Izan ere, mugitzen naizen bakoitzean barrurago sartzen zaizkit iltzeak; herdoiltzen hasiak direla badakidan arren, ez dut errotik ateratzeko besteko indarrik, eta, adorea batu arte, nagoen lekuan geratuko naizela uste dut. Orain inor ez dudala badakidan arren, noizbait norbait izan nuela gogorarazten didate iltze horiek, eta mina ematen didaten arren, hein batean kontsolatu egiten nau min horrek.
Maria Oses. Oreztak
Batera zaintza-taldea
BATERA Zaintza Sare Herritarra
Larunbatean aurkeztu zuen Gasteizko herritar talde batek BATERA zaintza sarea. Covid-19 birusaren aurrean ezarritako neurri desberdinek babesgabetasun egoeran utzi ditu milaka herritar. Coronavirusaren krisiak sortutako zaintza-beharrak konpontzen laguntzea da sarearen helburua, «erakunde eskudunek konpontzen ez dituzten beharrak«.
Egungo egoerak zerbitzu publikoek konponduko ez dituzten zainketa berezien beharrak sortzen dituela azpimarratu dute. «Gasteizen haur asko zaindu behar dira ikastolak itxita daudenetik, pertsona batzuk ezin dira erosketak egitera atera euren osasunaren hauskortasunagatik, adineko asko bakarrik bizi dira eta ez dute inolako laguntzarik… Egoera horiek errazteko gure laguntza eskaini nahi dugu «, gogorarazi dute saretik.