Artikulua
(…) Tageszeitung egunkariak zorrotz kritikatu du Bundesligaren hasiera. Zergatik utzi bazterrean saskibaloia, eskubaloia eta antzeko kirolak? Non daude beste kirolariak? Non haien lobbyak? «Etsi eta onartu egin dute futbolaren elite moralki ez hain abangoardista batek duen lehentasunezko tratua?», galdetu du hedabideak. Baztertutako kiroletako ia inork ez du ahotsa altxatu. Ez zaletu, ez amateur, ez profesionalek. Eliteko kirolariek ere ez. Egunkariak adierazi duenez, bada garaia beste kirol horietan jarduten dutenek beren eskubideak aldarrikatzeko. Baina Alemanian isildu egin dira. Gurean berdin egingo dute futbola hasten denean?
Gizonezkoen futbola, noski. Saskibaloia ere hor dago, airean, baina hori ere soilik gizonen arloan. Emakumezkoen kirola desagertu egin da hemen. Ligak bertan behera utzi dituzte. Ez dira profesionalak. Ez dute produzitzen. Koronabirusak andrazkoak sakrifikatu ditu lehenik, krisi garaietan gizonezkoak duelako lehentasuna. Emakumeak beren rol tradizionaletara itzul daitezela. «Etxera joan zaitezte aitona-amonak zaintzera. Etorriko dira sasoi hobeak», xuxurlatu die birusak, goxo.