HILEN EGUNAK
Zenbat ditu gaur apirilak? Gaur, apirilak 4 ditu.
Esapide horren egitura laburtua hilaren eguna zehazteko erabiltzen da:
Datorren asteazkenean, hilak 13, oporrak hartuko ditut.
Datorren ostegunean (hilak 13 izango ditu egun horretan), oporrak hartuko ditut.
Gertaera bat denboran kokatzeko, horrela erabiliko dugu:
Oporrak apirilaREN 13an hartuko ditut.
Oporrak *apirilaK 13an hartuko ditut.
Alegia, NOIZ, NOIZTIK, NOIZ ARTE adierazteko, genitiboa erabiliko dugu (NOREN):
AbenduaREN 20tik ez dut ikusi. *AbenduaK 20tik ez dut ikusi.
EkainaREN 5era arte ez dut ikusiko.* EkainaK 5era arte ez dut ikusiko.
Denbora-tartea adierazteko ere, -REN erabiliko dugu:
Oporrak ekainaREN 23tik uztailaREN 15era arte hartuko ditut.
*Oporrak ekainaK 23tik uztailaK 15era arte hartuko ditut.
Bukatzeko, gogoratu:
- Letra xehez idazten dira hilen izenak: otsaila, martxoa *Otsaila,* Martxoa
- Hilen izenek ez dute “a” itsatsirik:
MaiatzEAN bukatuko dira eskolak
*MaiatzAN bukatuko dira eskolak
EHU Euskara Zerbitzua EHULKU
PASARTEA
Hilketa baten kontura, Ertzaintzak nobelaren protagonista elkarrizketatzen du:
- Egia esatea nahi baduzu, gustatzen zait kanpoan pixa egitea, eta lasai egiteko aukera daukadanean ez dut alferrik galtzen.
- Barkatu, baina... bitxi samarra ez al da zaletasun hori?
- Niretzat oso naturala da.
- Oso naturala?
- Bai. Batetik, pixa egitea lurrarekin harremanetan sentitzeko modu bat da, eta gaur egungo gure bizimoduan ez dira ugariak izaten horrelako aukerak. Bestetik, nik etxean eserita pixa egiteko aukera daukat. Badakizu, ez zipriztintzeko. Eta zutik lasai pixa egiteko aukera estimatzen dut. Ez nuke horregatik ordainduko, baina aukera egoki bat suertatzen denean... Artista garaikide batek, Itziar Okarizek, gaiari buruzko lan bat egin zuen: Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea, eta zutik pixa egin zuen hainbat gune publikotan, performancearen bidez salatzeko...