Garai honetan inoiz baino gehiago ari gara erabiltzen mezu elektronikoa komunikatzeko.
Jarraian dauzkagu modu egokian idazteko IVAPen aholkuak
Pasartea
Auzoa atean
“Bagenuen auzo bat gure etxean sarrera sarria zuena. Gurasoak etxean falta ziren batean, atea jo zuten. Auzoa zen. Gurasoak medikuarenera joanak zirela eta bakarrik nengoela esan nion nik. Eskua pasatu zidan buruan, oso adeitsu, eta etxean sartu zen. Seguru zaude ez dagoela inor?, galdetu zidan. Aitzakia bat orain, beste bat gero, gela guztiak begiratu zituen. Egongelako sofa batean jarririk, haren belaunen gainean eserarazi ninduen, ilea usaindu zidan, lepoa igurzten hasi zitzaidan. Eta besoak. Eta izterrak. Zu lasai, esaten zidan behin eta berriro, xuxurlaka, inork entzuteko beldur balitz bezala, ez dizut ezer txarrik egingo”.
Genero-markarik gabeko testu bat da. Eszena oso da iluna. Imajinatzen duguna, ordea, oso dago argi. Testu batek testuingurua dakar berarekin, eta itzulpen on batek ez dio testuinguruari begiratu beste erremediorik. Auzo bortxatzaileari buruzko testua hizkuntza erromaniko batera eraman beharko bagenu, izango al genuke arazorik narratzailearen generoa markatzerakoan, ez al genuke asmatuko auzoak zein duen sexua? Markatu beharra dago narratzailearena? Irakurleak hasieratik egin du bere eskema: auzoa gizonezkoa da, narratzailea neska koxkor bat. Badaude beste bariable posible batzuk ere, baina mendez mendeko izurrite ilun batek ekarriak dira irakurleari burura etorritako lehen irudiak, izuaren inarrak, ar kondizioaren estolderietako ilunpe kriminalen haztamuak.
Pisuegia da denok buruan daramagun gauza ilunen mendeetako zama: ate joka datorren auzoaren testuan ia mundua bezain zaharra da testuingurua.
Ez dut ezagutzen, agian egiteko dago, genero markarik gabeko hizkuntzen eta genero markatua dutenen arteko testu original eta itzulien arteko konparaketa. Euskaratik gaztelaniara eramandakoena, kasu. Jatorrizkoan sexurik markatzen ez den pasarteetan, nola eman den itzulpenean; euskaraz auzoa esaten zuen lekuan gaztelaniazko edo italierazko itzulpen batek vecino ala vecina, vicino ala vicina emango lukeen. Narratzailea, berriz, niño ala niña, fanciullo ala fanciulla den…
Hasiera-hasieratik burura etorritako irudien arabera, ez dago esan beharrik zer.
Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak liburutik jasoa