BIZIA / BIZITZA / BIZIMODUA
Nahiz eta Euskaltzaindiak bi hitzen arteko bereizketa oraindik argitzeke daukan, askok honela bereizten dituzte bizia eta bizitza:
Bizia
Biologikoa da, landareen, animalien eta bestelako izaki bizidunen oinarrizko ezaugarrien multzoa da (elikatzea, haztea, ugaltzea...). Horregatik, honela idazten dira: bizia galdu, bizia kendu, bizia eman, bizia barkatu...
Halaber, izenondoa ere izan daiteke, bizirik dagoena adierazteko (adibidez, “arrain biziak”) edo bizitasuna/intentsitatea adierazteko (adibidez, “kolore biziak”).
Bizitza
Kronologikoa da, adinari dagokiona. Izaki bizidun baten jaiotzetik heriotzara doan denbora-bitartea da:
- “Jesusen bizitza; jaiotzatik heriotzara, bizitzako egun guztietan, zintzo jokatu zuen...”
Bizimodu hitzak, berriz, bizitzeko modua edo bizibidea adierazten du.
- Eguneroko bizimodua iluna eta tristea iruditzen zaio.
- Bizimodua irabazteko lan egin behar izan zuen.
Pasartea
Gauzak maitatu daitezke?
(…) Charles Dumont-ek, txikia bada ere, objektuek arima bat dutela esan zuen elkarrizketa batean. Édith Piaf-en kanturik ezagunena, Non, je ne regrette rien, konposatu zuen Dumont-ek. Harrokeriak hartu zuen batean, bere piano zaharra Probentzan zuen landetxera eraman, eta Steinway garesti bat erosi zuen. Laster konturatu zen, ez zutela askorik elkarri esateko. Bere balioa baino askoz gutxiagogatik saldu, eta piano zaharra berreskuratu zuen. Maitasun harreman bat zuen pianoarekin, eta ez zuen berriro abandonatuko.
Artikulu osoa, hemen
Irati Elorrieta
Argia