HAMAR KILOMETROTAN / HAMAR KILOMETROAN
Elurra dela-eta, itxi egin dute autopista 10 kilometroAN. Bilboko lankideak ezin izango dira bueltatu etxera.
Hamar kilometroko tarte batean itxi dute, jarraian, 25. kilometrotik 35. kilometrora.
Elurra dela-eta, itxi egin dute autopista 10 kilometroTAN. Bilboko lankideak ezin izango dira bueltatu etxera.
Hamar kilometrotan itxi dute, baina ez du zehazten kilometro horiek zein diren.
Oso desberdina da honako hau:
Elurra dela-eta, itxi egin dute autopista 10. kilometroAN (hamargarren kilometroan).
Beste adibide batzuk:
Hiru egunEAN ospatu dute garaipena.
Garaipenaren ospatzeak hiru egun iraun du, jarraian, otsailaren 1ean hasi eta otsailaren 3an bukatu da.
Hiru egunETAN ospatu dute garaipena.
Nahasgarria da. Ez da adierazten iraupena, hiru egunetan ospatuko dutela baizik; ez jarraian.
Sei urtEAN ez dugu baserriko tomaterik jan.
Sei urteko denbora-tartean. (2000. urtetik 2006. urtera, adibidez)
Sei urtETAN ez dugu baserriko tomaterik jan.
Ez du zehazten urte horiek jarraian diren.
EHULKUren aholkuak
Pasartea
Benetako elkarrizketa ez da zure moduan pentsatzen duen jendearekin hitz egitea. Sare sozialek ez dute irakasten elkarrizketan aritzen; izan ere, hain da erraza eztabaida saihestea... Jende askok ez ditu erabiltzen sare sozialak batzeko edo aukerak zabaltzeko, baizik eta, aitzitik, erosotasun eremuetan giltzaperatzeko, non entzuten duten bakarra beren ahotsaren oihartzuna den, eta ikusten duten bakarra beren aurpegiaren isla. Sareak oso baliagarriak dira, oso zerbitzu atsegingarriak ematen dituzte, baina tranpa bat dira.
Estado de crisis. Zygmunt Bauman eta Carlo Bordoni