Gramatika
AHAL eta AL
Antzekoak dira, baina ez berdinak:
AHAL erabiltzen da nahia, desioa adierazteko. Aditza geroaldian jartzen da:
Amaituko AHAL da behingoz hitzaldi gogaikarri hau!
AL erabiltzen da bai/ez erako galdera zuzenetan. Primerako bidea da galderak markatzeko:
Ez AL zaie euskaltegiei diru gehiago eman behar?
Niretzako kulturaren adierazpenik nabarmenena eta egiazkoena eguneroko bizimodua da. Zer sentitu duzu barrenetik gaur, zerk harritu zaitu gehien, zertaz ohartu zara kuartoko leihoa zabaltzean, nori eman dizkiozu eskerrak, nola maitatu duzu jan duzuna, zertaz oroitu gara galtzerdiak eranzterakoan, loak hartu aurretik, zer ez duzu utzi nahi izan biharko…Hor ikusten da norberaren kultura, eta, batez ere, egin gabe ezin utzi diren gauza antzu askotan.
Saski bete intxaur. Patziku Perurena
Kanpaiek jo dute. Hamabi kanpaikada; urriaren 31 da. Domu Santu egunaren bezpera, Gaba baltza. Zerura begiratu, eta leihotik ikusi dut zeruaren erdian gaba baltz hau argitzen duen ilargia; disdiratsu, borobil, ia haurdun egongo balitz bezala. Eta bere inguruan, itzala, lainoak, beldurra, ezinegona. Hainbeste mito, hainbeste misterio. Kukumarroen presentzia isil baina pisutsua kaleetan; zakua buruan, eta beldurtzeko gaitasuna atzamarraren puntan. Kalabaza irribarretsuak izkina ilunetan; mugiezin beti, baina edonon nolabait. Eta arimak; maite ditugunen arimak hegan, dantzan, gure bizitza den su honen inguruan.
Noizbait eskelatan idatzitako mila izen eta izan, gure oroitzapenetan hegan, ametsetan batzuetan, amets gaiztoetan sarriegi. Aulki huts bat lehenengo; aulki bat gutxiago gero. Gaurkoan, aldarrikapen bat hemendik, gure txikitik, gure izanetik, gure ezinetik.
Eraiki dezagun aulki huts guztiekin aulki joko erraldoi bat. Denon artean, har ditzagun aulki huts horiek guztiak, Gabonetako afarian sukaldeko izkinan bukatzen dutenak, igandeko mezetan ja inork betetzen ez dituenak, eskolako jangelan astelehen eguerdi batez geroztik inork gehiago bete ez dituenak.
Har ditzagun aulki horiek guztiak eta eraiki dezagun, guztion artean, aulki joko erraldoi bat. Erabili ditzagun aulki hutsak, gainean zintzilikatzeko oraindik maite dugun horren usaina daukan alkandora, gainean jartzeko joan aurretik oparitu zizun erlojua, duela hiru urte egin zizun marrazkia, udako iluntze hartan Udalaitz puntan atera zenuten argazkia.
Egia da behin joan direnek ezingo dituztela sekula berriro aulki horiek berotu. Egia da, gu gainean eserita ere, sekula ez dutela epeltasun bera izango. Baina egietan egiena da bizitza hasi eta bukatzen dela, eta bizi garen artean gozatzea dugula helburu. Beraz, har ditzagun oroitzapen horiek guztiak, bete ditzagun aulki hutsak eta has dadila musika; has dadila aulki jokoa.”
Maria Oses
Gutako askorentzat Halloween festa arrotza da, azkenaldian Estatu Batuetatik telebistaren bitartez gugana iritsia. Hala da izenari dagokionez ("Halloween"), baina ez horrenbeste jaiaren izaerari dagokionez. Gure aurreko belaunaldiek antzeko ohiturak egiten zituzten Euskal Herrian (eta Europako hainbat herrialdetan), duela 40-60 urtera arte. Nagusienek ondo gogoratzen dutenez!
https://www.youtube.com/watch?time_continue=114&v=1drKxN5Uezg
(Chrome edo Firefox)
Ahotsak ahozko ondarea