(…) Dagoeneko zenbait titularrek ez digu begi-belarrietan minik ematen. «Sahatsetako futbol-zelai berria inauguratu zen *atzokoan». Nola? Egunero inauguratzen al da zerbait Sahatsetan? Ba, egunero zerbait inauguratzen ez bada, aski eta sobera genuke «atzo»rekin. Badakit «atzokoan»-ek baduela luzera bat, osotasun itxura bat, jaso tankera bat... «atzo»-k ez duena. Baina martxa honetan laster gara *«atzokoan etorri zen gure lehengusina» esanez.
Andoni Egaña
https://www.berria.eus/paperekoa/1928/022/001/2018-11-11/belarrak.htm
gaur/gaurkoan
Biak erabilgarriak izanik ere, gaur soila adierazi nahi denean, aski da bera bakarrik:
- Hotz egingo du gaur.
Beste batzuetan beharrezko da ‘gaurkoan’, jakina:
- Atzoko saioan ez zen ezer erabaki; gaurkoan erabaki beharko da (‘gaurko saioan’). [EH]
«Aitona, Euskaldunak irabazi egin du», esaten genionean, gauza bera erantzuten zigun beti: «Bihar ogia debalde».
Duela 60 urte ere bazen futbola, baina ez zen telebistarik. Eta futbola ikusteko, futbol-zelaira bertara joan behar izaten genuen igande arratsaldeetan; orduan, igande arratsaldeetan jokatzen baitziren futbol-partidak.
Duela 60 urte ere bazen Reala. Eta bazen jendea Donostiatik kanpo bizi eta Donostiara –Atotxara– joaten zena Reala ikustera igande arratsaldeetan. Gogoan ditut, gaur balitz bezala, jendez gainezka pasatzen ziren tren haiek; jendez gainezka, trena eta jendea lehertu beharrean, eta bidaiari batzuk –denak gizonezkoak– ateetatik zintzilik, oihu eta istilu. Real Madril-edo izango zen Realaren aurkaria: Di Stéfano, Puskas, Gento. Hura eromena!
Baina mutil koskorrok herrian geratu behar izaten genuen. Eta herriko futbol-taldea ikustearekin etsi behar izaten genuen igande arratsaldeetan. Euskalduna jokatzen ikustea –eta irabazten ikustea– izaten zen igande arratsaldeetako gure ilusioa; 'Euskalduna' baitzuen izena Andoaingo futbol-taldeak, gaur ere halaxe duen bezala.
Eta Euskaldunak irabazten zuenean –eta orduan askotan gertatzen zen hori– pozez gainezka itzultzen ginen etxera. Eta etxean, zain izaten genuen aitona. Eta «aitona, aitona, Euskaldunak irabazi egin du» esaten genionean, gauza bera erantzuten zigun beti: «Bihar ogia debalde». Lehenengo aldian ez genion ironia harrapatuko, baina hura ere ulertu genuen azkenean.
Duela 60 urte hil zitzaigun aitona –aitona Benito–. Baina oraindik ere, haren «bihar ogia debalde» ironiko hura entzuten dut, gaur balitz bezala, futbola eromen bihurtzen dugun bakoitzean. Gehiegitxotan, aukeran.
Egia esan, gero eta zentzuzkoagoak iruditzen zaizkit aitonaren hitz haiek. Gero eta borobilagoa ageri zait eguneroko ogia, eguzkiaren antzeko. Erreferente borobila, beste gauza guztiak –futbola barne– dagokien lekuan jar- tzeko.
Joan den astean zetorren egunkari honetan: Monakoko futbol-jokalari Keita Baldék eraikin bat alokatu duela Lleidan, tenporeroek bertan gaua pasa ahal izan dezaten. Oraingoz, 90 bat lagun omen dira, ez etxe, ez janari eta ez ezer, kartoien artean lo egiten zutenak, egunez nekazari-lanetan arituta. Guztira, 200en lagun jasotzeko asmoa omen du. Biharamunean, egunkari honek berak zekarren Realarena: 17 pale janari eman dizkiola Gipuzkoako janari-bankuari.
Aitona ez litzateke haserre izango horiek irakurrita.