Har ditzagun gaur "noren" eta "nongo" kasuen arteko nondik norakoak, ez ditugu-eta beti erraz bereizten. Adibidez, ikastetxeetan-eta askotan entzun dezakeguna: *"hiru urteko gela". Zer esan honi buruz?
Hori dioenak, gaztelaniazko "la gela de tres años" dauka buruan. Hau da, ez da behar bezala ohartu esaldi horren azpian ez dagoela "nongo gela", baizik eta "noren gela"; ondorioz, "hiru urteko umeen gela", edo "hiru urtekoen gela" esan beharko luke, eta ez *"hiru urteko gela".
Egin dezagun ariketa bat. *"Hiru urteko gela margotu dugu" esan ordez?
"Hiru urtekoen gela margotu dugu".
*"Bost urteko gelatik atera dugu armairua".
Ez, bada, "bost urtekoen gelatik", edo "bost urteko umeen gelatik atera dugu armairua".
+ "Hiru urtekoen gela margotu dugu"
- *"Hiru urteko gela margotu dugu"
IPUINA
KIRATSAREN USAIN EDERRA
Ipuin arabiarra (Mitxel Muruak moldatua)
Askotan ez da erraza izaten desberdintasunak ulertzea.
Iruditzen zaigu guretzat polita denak, polita izan behar duela
denentzat. Sarritan gertatzen da, ordea, batentzar ederra
dena itsusia izatea beste batentzat. Edo, ipuin honetan
bezala, kiratsa dena batzuentzat usain gozoa izatea beste
batzuentzat.
Begira bestela zer gertatu zitzaion behin Tajar izeneko
gizon bati:
Tajarrek hiriko estoldetan egiten zuen lan. Estoldak
hiriaren azpian egoten diren erreten edo kanal batzuk dira,
eta handik joaten dira jendearen kakak, pixak eta ur zikinak.
Pentsatuko duzue, noski, zer kirats egongo den han
Baina Tajar egunero ibiltzen zen zikinkeria artean, eta
ohituta zegoen kirats eta usain txarretara. Kaka usaina,
adibidez, ez zitzaion txarra iruditzen inola ere.
Behin, perfume-denda bat zabaldu zuten bere auzoan.
Tajar haren aurretik igaro zen egun batean, eta, hango
usainak aditu zituelarik, arraroak iruditu zitzaizkion, bera ez
baitzegoen ohituta halakoetara. Perfume-dendara sartu zen
usain xelebre haiek hobeto dastatzeko asmotan; sakon-sakon
hartu zuen arnasa, baina berehala gorputza gogor-gogor jarri
eta ziplo erori zen lurrera, konortea galduta.
Dendariak larritu egin ziren, eta auzokoei hots egin zieten
laguntza eske. Tajarren anaiari ere deitu zioten, eta hau
berehala agertu zen, kaxatxo bat eskuetan zuela.
–Lasai, ez da ezer -esan zion patxadaz Tajarren anaiak
perfume-dendan bildu zen jendeari.
Tajarren anaiak zabaldu zuen kutxatxoa, eta, denen
harridurarako, kaka mokoilo eder bat agertu zen han
barruan. Anaiak sudurraren pare-parean jarri zion kaka
mordoa Tajarri, eta hau berehala esnatu zen, esanez:
–Hau bai usain ederra!
Artikulua
Ba al du garrantzirik kantuen neurriak edo iraupenak?
Zein da abesti baten iraupenik egokiena burua erne eta adi egoteko une oro kantuari? Kantuaren laburtasunak behartuko du musikaria ez erortzea errepikapenean, eskatuko dio zehatza izatea egituraketan, melodiaren ikuspuntua gogoraerraza izatea. Kantuari zentzua eman behar zaio, baina horrek ba al du zerikusirik kantuaren iraupenarekin? Kantuak duen helburuetako bat da entzulea ahalik arretatsuena bilakatzea melodia aditzean, entzulea adi edukitzea une oro. Iraupen luzeak desitxuratu dezake abestia? Eta laburrak? Eta desitxuratuko balu, zein neurritan?
Iraupenaren garrantzia oso da subjektiboa, ez dago inolako arau deontologikorik baina garai bateko baldintza teknologikoek eragina izan dute gaurko abestien batez besteko iraupenarekin. Zuzeneko musika “poteratu” zutenean edo, garaiak laburtuz, abestiari single nortasuna asmatu ziotenean binilo euskarria sortu zioten eta horrek iraupenaren baldintza ekarri zuen 45 rpm abiadurako biniloetan: 3 min 30 s.
Iraupen luzea edo laburra, hori ez da gakoa. Kantuaren melodia erakargarria eta itsaskorra bada, beste guztiak berdin dio. Itsaskorra ez da gogaikarriaren sinonimo. Baina bakoitzaren gustuek eragina dute. Nahiago dut lau aldiz entzun bi minutuko abesti berbera zortzi minutuko abestia baino.
Akauzazte taldearen “Ur gardenak” diskoaren abestien erdiak bi minututik beherakoak dira. Hogeita hamar segundoko 101 abesti ditu “Short music for short people” diskoak. Minutemen taldeak antzeko filosofia du. Ramones: laburrak, zehatzak eta isilunerik gabe, zorrotz kantuetan.
Ritxi Aizpuru (Gara)