TEAREN ARDURA edo -TEKO ARDURA?
Erdarazko “DE” preposizioa euskaraz era askotan itzul daiteke. Hori dela eta, hainbat oker sortzen dira “aditz izena + izena” itzultzean. Funtsean NORENen eta NONGOren arteko nahaste bera da.
*Lan hori EGITEAREN ardura nirea da.
Lan hori EGITEKO ardura nirea da.
La esperanza de llegar a la cumbre fortalecía a los montañeros.
*Gailurrera IRISTEAREN esperantzak indartzen zituen mendigoizaleak.
Gailurrera IRISTEKO esperantzak indartzen zituen mendigoizaleak.
El deseo de llegar a tiempo era muy fuerte.
*Garaiz IRISTEAREN nahia oso bizia zen
Garaiz IRISTEKO nahia oso bizia zen.
Poesia
La Pietá, baina alderantziz
Gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,
berandu ohartzen ziren bizitzaren garrantziaz,
hirurogeitamar urterekin, edo laurogeiekin,
eta txoraturik aurkikuntza latz hura zela eta
nahastuta ibiltzen ziren hainbat hilabetez,
bere semealabei bazkaririk prestatu gabe
supermerkatuan gauza xelebreak erosiz,
telefono dei amaigabeak nornahiri eginez;
etxe atarian ovni bat ikusi izan balute bezala.
Gero, denbora galdua eskuratu behar zutela eta,
gure izebak, eta gure ama maiteak berdin,
herriko udaletxeak antolatu gimnasia saioetarako
ematen zuten izena, "Urlia naiz, edo Sandia,
ez, ez dizut esango zenbat urte bete ditudan";
eta handik aurrera oihuka, korrika, jauzika,
ematen zioten hasiera egunari, bat-bi, bat-bi,
bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi, bat-bi eta txalo.
Polikiroldegiak hozki jasotzen zizkien algarak
Ikasle larderiatsuaren aginduetara makurturik
oihuka, korrika, jauzika jotzen zuten aurrera,
eta aldian behin afari bat egiten zuten denek
txandala kendu eta soineko dotoreak jantziz;
egun batean, azkenez, sukaldean txorabiatu
eta zerraldo erortzen ziren semealaben oinetan,
eta hantxe gelditzen ziren hilda beraien kideek
polikiroldegian gimnasiari ekiten zioten bitartean,
bat-bi- bat-bi, bat-bi eta txalo, bat-bi, bat-bi.
Bernardo Atxaga
Artikulua
Suizidioari buruz ari da Anjel Lertxundi artikulu honetan. Hona hemen pasarte batzuk:
(…) Tabuak, suizidioa ez izendatzeko setak, eufemismoak baliatzen ditu. Gure tradizioko eufemismoek bi makulu dituzte nagusi: buruaren kontrola galdu izana da bat (buruaz beste egin du!), Jainkoaren kontrako bekatua du oinarri bigarrenak (Jainkoari aurrea / eskua hartu dio!).
Bada, ordea, suizidioaren hautua libreki egiten duenik ere. Arrazoituta. Bere buruaren guztiz jabe izanda: «Nork bere bizitzari amaiera ematea luze edo lasaitasunez hausnartutako erabakia ere bada inoiz [...] eta ez beti depresio edo oinaze jasanezin baten ondorioz», dio Zigor Oleaga kazetariak orain bizpahiru aste Argia astekarian argitaratu zuen Bizitzaren aldeko kantua? erreportajean.
Camusentzat, kontu jakina da, arazo filosofiko bakarra dago benetan serioa: suizidioa. Bizitzaren zentzua da arazo filosofiko bakarraren muina. Eta bizitzak zentzua galtzen badu edo zentzurik ikusten ez bazaio, batek baino gehiagok ez dio logikarik ikusten bizitzen segitzeari ere. Eta bere buruaz beste egitea erabakitzen du. Libreki. Arduraz.
Munilla gotzainaren ustez, posizio hori aipatze hutsak «mendebaldearen gainbehera morala» ilustratzen du. Baina mendebaldean —eta munduan!— beti existitu den posizio bat da. Gizakia gizaki denetik. Sokratesek zikuta hartuta egin zuen bere buruaz beste orain ia hogeita bost mende. Mendebalaren eta munduaren erreferente morala izaten segitzen du (…).
Tabuaz beste
Anjel Lertxundi
2017/10/17
Agustin Erkiziaren semeak bere buruaz beste egin zuen 17 urte zituela. Josebak ez zeukan alerta egoerarik sor zezakeen arazorik. Ezustekoa izugarria izan zen familiarentzat.
Ur handitan ETB