JOAN BEHAR DUT ala JOAN BEHAR NAIZ?
Euskaltzaindiaren arabera, BIAK DIRA ZUZENAK. Hau da, biak erabiltzen dira euskalkietan, baina euskara baturako hau hobesten du:
- Lanera joan BEHAR DUT.
Behar izan aditzarekin batera doan beste aditza NOR-NORK sailekoa denean, ez dago zalantzarik (inpertsonala edo pasiboa ez bada, edun aditz laguntzailea erabiltzen da):
• Auto berria erosi behar dute. / Auto berriak erosi behar dituzte.
• Lehenbailehen aldatu behar ditugu ohiturak, bestela...
• Biharko konpondu behar nioke ordenagailua.
2/ Aditza NOR sailekoa denean, berriz, bi jokabide izan dira hiztun eta idazle euskaldunon artean. Jokabide hedatuena edun aditza erabiltzekoa da, baina izan laguntzailea ere erabilia izan da eta erabilia da lehenagoko eta gaur egungo testuetan, ia Euskal Herri osoan:
• Aitari bazkaria eramatera joan behar zuen gero. / Aitari bazkaria eramatera joan behar zen gero.
• Garaiz heldu behar dugu etxera, bihar oso goiz altxatu behar dugu eta. / Garaiz heldu behar gara etxera, bihar oso goiz altxatu behar gara eta.
Euskaltzaindiak arau bat atera zuen auzi honen gainean: 113. araua
Irale eta Ehulku
Iritzia
Errealitate paradoxiko bat dago horren atzean. Kulturaren pentzura bizi diren soldatapeko langile asko daude (programatzaileak, managerrak, editoreak, zuzentzaileak, liburu saltzaileak, kultur teknikariak, liburu banatzaileak...eta abar), eta beren sormenetik bizitzeko aukera duten oso sortzaile gutxi. Begira, liburu fisiko bat erosten duzunean, ordaintzen duzunaren %10 ematen diozu idazleari; gainerako guztia liburuaren industria sostengatzeko pagatzen duzu.
Euskal idazlea
Artikulua
Emakumea irakurtzen
Gau erdian, lokartu ezinda, balkoira atera eta, horra, aurrez aurre, pareko etxearen teilatu gaineko sabai-leihoan, argia. Zer dela-eta ordu honetan argia isiotuta... Lotarako baino, beste ezertarako ordurik aproposena ez den arren, behar bada, irakurtzeko. Eta, ordu honetan, inor irakurle izatekotan, emakumea izan behar. Estatistikek hala diote. Baina, nago, estatistiketarako baino, poesiarako ordua ez ote den. Nor ote? Zer irakurtzen ari ote?
Gure ama zena, 13 urterekin, irakurtzen
Orain aurkitzen ez dudan arren, badut nik nonbait aurrezki kutxek argitaratu ohi duten (zuten) itxura bikaineko liburu jantzi horietako bat, non gai nagusia zen pintura unibertsalaren margolanak, zeinetan
emakumeak agertzen ziren irakurtzen. Liburu nabarmen erromantikoa, gizonezkoak irakurtzen bilduko lituzkeen liburua nekez joko nukeen arren erromantikotzat.
Bada dioenik irakurtzea izan dela emakumeek sekula erabili izan duten aldarterik eraginkorrena berdintasunerantzako urraspide luzean. Emakume irakurzaleak arriskutsuak omen. Zer gerta ere, emakumeek gizonezkoek baino dezente gehiago irakurtzen dute gaur egun, zer esanik ez gizonezkoek irakurri ohi dituzten ikas- eta lan-liburuak gogoan hartuko ez bagenitu.
Zergatik emakumeek gizonezkoek baino gehiago maite duten fikzioa? Denetariko argudioak daude, eta ez denak positiboak. Baina, arrazoi guztien gainetik eta filosofia guztien azpitik, literatura irakurtzea atsegin duten emakumeak gizonezkoak baino askoz ere gehiago dira, eta plazerra, lehen eta behingoz, balio inbidiagarria da.