HOBEA ALA HOBEAGOA?
Biak ondo daude.
Hiztegi batuak horrela jasotzen du:
hobeago adj. Hobea. Bizitza hobeago baten itxaropena. Izana naiz hau baino hotel hobeagoetan. Hura baino hobeagorik deus ez dagoela jakinda.
Berriako estilo liburuak, galde-erantzunak atalean, horrela jasotzen du:
Ondo dago "hobeagoa" esanda? Nik betidanik erabili dut eta. Eskerrik asko.
Euskaltzaindiaren Hiztegian jasoa dago, hobe-rekin batera, eta ezin bestela izan, asko erabili izan da eta.
Duela gutxi, akats honen berri izan genuen ikastaroan, eta HOBEAGO txartzat eman genuen. Ikusi, bestela:
Beste akats bat HOBEAGO forma erabiltzean datza. Gogora ezazue HOBE (on+ago) hitzaren barruan badagoela –AGO atzizkia; beraz, ez dago zertan errepikatu.
Adibidez:
Hori HOBEAGOa da. Hori HOBEa da
Beste hauek HOBEAGOak dira. Beste hauek HOBEAK dira.
Beraz, irizpidea aldatu, eta biak erabiliko ditugu hemendik aurrera.
Pasartea
Autoen tirania
Bada autoen tiraniaren aurka mintzatzen denik, badut autorik gabe bizi den adiskiderik ere; baina ez dut egundo ezagutu autoen aurkako boikot erabatekoa egiten duen inor, bere buruari inoiz ere auto baten barruan sartzea galarazteraino. Batzuetan horixe egin eta horixe aldarrikatu beharko nukeela pentsatzen dut, eta inongo autotan sartzeari uko egiten diogunon mugimendu zibil bat sortu, abiarazi eta sustatu. Izan da historian, nire ustez, hasiera hutsal eta zoroagoko mugimendu arrakastatsurik.