"Pailazoz mozorrotuko naiz" ala "pailazo mozorrotuko naiz"?
Bi horien artean, "pailazo mozorrotuko naiz" hobetsi behar da, eta *"pailazoz mozorrotu" baztertu. Nolanahi ere, esapide horretan gaztelaniaren eragina ikus dezakegu, betidanik "pailazo jantziko naiz" esan izan baita.
Beraz, orduan, galdera egitekoan ere, ezin esango dugu *"zertaz mozorrotu zara?" Nola galde dezakegu hori modu egokiagoan?
Bada, adibide bat baino gehiago leudeke: "nola edo zelan mozorrotu zara?", edo "zer mozorro jantziko duzu?" eta, baita ere, "zein izango da zure mozorroa?"
Hortxe galderak. Saia gaitezen erantzunetan. "Nola edo zelan mozorrotuko zara?" galdetuz gero...
"Pailazo jantziko naiz", edo "pailazo mozorrotuko naiz". Edo "pailazoaren mozorroa jantziko dut"; "pailazoen moduan mozorrotuko naiz", eta abar.
Eskutitza
Urteurrena
Igandean gogoratu nuen zure urteurrena. Ez dizut zorionduko, ez baita zoriontzeko urteurren bat.
Zure argazkia ikusi nuen prentsan. Polita zaude, polita zinelako.
Aspaldian, hor goikaldean aparkatzen dut kotxea; gure herri-zulo-zulatu honetan apenas egoten delako lekurik aparkatzeko; beraz, gora egin behar. Eta kurba hartzen dudan bakoitzean gogoratzen zaitut. Eta gogoratzen dut zure irribarrea eta martxa.
Eta gogoratzen dut bizitzaren gogorra. Eta injustizia datorkit burura, naturaren legeak ez dizulako zegokizun aukera eskaini. Ezta zure gurasoei ere. Ezta ahizpari ere. Ezta lagunei ere.
Zaindu haiek guztiak zauden tokian zaudela.
Karnabalak datoz; dantzarako garaia. Zuretzako eta zurekin egingo dugu dantzan.
Baserriz baserri aurten ere.
Oroimenak ematen omen du betiko bizia. Oroimenak iraunarazten omen du oraina geroan. Eta zuk baduzu lekua hor; dantzan, gure orimenean.
Muxu bat
Berbak dantzan. Ane Sarasketa