NORAINO / -RA ARTE
LEKUA adierazi nahi bada, NORAINO kasua hartuko da.
Herriraino jaitsi nintzen lagunetara.
Ameriketaraino iritsi zen gure osaba Martin.
Etxeraino lagundu zidan.
DENBORA adierazi nahi bada, (-RA) ARTE erabiliko da:
Ordu bata arte egon nintzen zain.
Bihar arte itxarongo dizut.
Hementxe egongo naiz bihar goizera arte.
Hala ere, har dezagun esaldi hau: “Donostiara arte ez da autobusa geldituko”.
Lehen itxuran, perpaus traketsa dirudi, baina ez da halakorik “autobusa ez dela geldituko Donostiara iristen den arte” modura interpretatzen bada.
Pasartea
Eskolan esplikatu ziguten handik aurrera edozein momentutan, gauez nahiz egun argiz, entzun genezakeela jainkoaren ahotsa guri deika, zatoz nirekin, esango zuen jainkoak eta guk obeditu egin behar genuen ahots hori, halabeharrez. Urtetan, lo hartu aurreko otoitzei erregu bat gehitzen nien, mesedez, ez nezala jainkoak gau hartan deitu.
Esplikatu ziguten ere, badaezpadan, gauean lotan geunden bitartean hiltzen baginen, beraz, geure burua prestatu gabe hiltzen baginen, komenigarria zela lo hartu aurretik ahoskatutako azken hitza saindua izatea, Jesus, jainkoa, amabirjina edo antzeko zerbait. Lo hartu aurretik beti esaten nuen Jesus eta hitz saindu hori ahoskatu ondoren berriro berriketan hasten baginen, beste behin Jesus esaten nuen, behar adina aldiz. Urte askotan ze, hitz saindua premiazkoa ez zela jakin ondoren ere, pentsatzen bainuen justu azken hitz hori ahoskatuko ez nuen lehen gauean hil nintekeela(…).”