Pasartea
"Emazteak du Txisturen ardura nagusia. Baita semearena eta etxearena ere, bide batez esanda. Emaztearen esku dago gurean galdera guztien ama den galderaren erantzuna, Siniestro Total punk-rock musika taldeak bere lehen diskoari izenburua emateko erabili zuen funtsezko galdera primigenioarena: "¿Cuándo se come aquí?" ("Noiz jaten da hemen?"). Emaztea eta biok bananduko bagina, bidegabekeria galanta litzateke, lotsagabekeria nabarmena, nik gure umearen zaintza partekatua eskatzea. Hala da, nahiz eta ni ikuspuntu teoriko batetik, ideologikoki, feminista izan. Autokritikara bai, baina autokonponketara ez bainaiz iritsi, ezta hurrik eman ere. Ez da sekretu bat hori, kontu agerikoa baizik.
Txistu eta biok
Juan Luis Zabala