BIHARAMUNETIK, HURRENGO EGUNETIK
Nola esan behar dugu al día siguiente a su publicación…?
IZOren erabakia da era honetan erabiltzea:
Argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Biharamun erabiltzea ere zilegi da, baina IZOk aurrekoa erabiltzea erabaki du.
Adibidez:
La presente Orden surtirá efectos a partir del día siguiente al de su publicación en el Boletín Oficial del País Vasco.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.
PASARTEA
Javier Bardemek Peneloperi : “maite haut”
Javier Bardemek bere maitasuna adierazi zion Peneloperi Cannesen 2010ean, eta Anjel Lertxundik bere iritzia eman zuen horren inguruan.
Aurretik, giroa berotzeko, poesia bat irakurriko dugu, Anjel Lertxundik berak itzulia.
Norbaitek esango du gizon batek
ez duela maitasuna azaldu behar
plaza publikoan.
Nik erantzungo diot gizon batek
ez duela deus hoberik,
deus aratzagorik eta betikotzeko
duinagorik, bere maitasuna baino…
(Louis Aragon)
Maite haut
Javier Bardem aktoreak gogor itxura du, bizitzan kolpe asko jasotako boxeolari baten sudur eta guzti.
Zinismo puntu bat dauka itsatsita ezpain artean. Begien azpiko bi poltsa handi itsusiek alukeria guztiak
ikusitako baten nekatu itxura ematen diote haren begiradari. Egunetako bizarrarekin ibili ohi da, ez du
modaren konbentziorik segitzen. Familia gorri bateko seme gorri, ez dio muzinik egin konpromiso sozialari.
Horregatik harritu gaituzte Canneseko saria jasotzerakoan hain tipo zangar batek esandako hitz txit eztiek:
“Nire adiskideari, nire konpaiari, nire maitasunari. Penelope, asko maite haut”.
Euskal aktoreren bat imajinatu nahi dut —edo euskal farandulako edozein, neu ere barne—publikoaren aurrean
halakoak esaten. Ni, behintzat, neure zapatapean ezkutatuko nintzateke, gutxienez urtebetez.
Eta hala ere, hain da ezohikoa matxo bat halakoak esaten entzutea…
Beharbada dena ez dago hain galduta ere.
Anjel Lertxundi