BIHURTU aditzaren osagarriak kasu absolutiboan (NOR kasuan) agertu behar du, inolako deklinabide-atzizkirik gabe, beraz. Alabaina, osagarri hori nolabait zehaztuta edo mugatuta badago (izenlagun batekin, adibidez), artikulua eta guzti ere ager daiteke.
Txartzat ematen dira, gaztelaniaren eraginez gero eta maizago ikusten diren "*ura ardoan bihurtu" bezalako erabilerak.
Eta orduan*printzea igelean bihurtu zen.
Eta orduan printzea igel bihurtu zen.
Alkoholak, nire ustez,*pertsona bat irekiagoan bihurtzen du.
Alkoholak, nire ustez, pertsona irekiago bihurtzen du.
*Esklabotan bihurtu nahi gaituzte, ala zer?
Esklabo bihurtu nahi gaituzte, ala zer?
*Ilargiaren eraginez otsoetan bihurtzen dira batzuk.
Ilargiaren eraginez otso bihurtzen dira batzuk.
Ariketak egin nahi badituzue, sakatu HEMEN
“(… )muskerrak buruko muinen zale zirela esaten baitziguten Obaba hartan; ahal izatera, jendearen belarri zulotik sartu eta buruan gelditzen zirela, jan eta jan, eta ez zutela ateratzekorik egiten ondo ase arte. Ordurako, ordea, berandu izaten zela; muskerra edukitakoa ergeldu egiten zela betirako, inuzentetu. Eta herriko hainbat xelebre seinalatzen zizkiguten: hantxe geneukala frogantza, haiek guztiek hozka eginda zeukatela buruaren puska bat. Guztiarekin ere –sobera ikara ez gintezen edo– muskerragandik begiratzeko bi modu bazeudela gaineratzen ziguten. Bata, belar gainean lo ez gelditzea. Bestea –animaliak buruan sartzea lortzen zuen aldietarako– lehenbailehen ibili eta zazpi herritako erretore jaunei kanpaiak jo zitzaten eskatzea;
zeren orduan, kanpai iskanbila ezin sufrituz, jatun maltzurrak ihesari ekiten baitzion zalaparta batean. Erretratuari begira holako pentsamenduak nerabiltzan neure artean, eta bidezkoa iruditzen zitzaidan bertako eszena bihurrikeria baten ildotik interpretatzea. Okerrak eskuan zeukan muskerra oso hurbil baitzegoen Albino Maria izeneko beste mutil baten belarritik. Ordea, oztopo bat aurkitzen nuen arazoa modu hartan erabakita uzteko. Eta hori zen niri gogoratu egiten zitzaidala Albino Mariari gertatutakoa. Hain zuzen ere, eskolako ikasle azkar izatetik makalena izatera pasa zela oso denbora gutxian; eta horren ondoren, gero eta okerrago jarriz, ahaztu egin zitzaiola idaztea eta irakurtzea; azkenean, hamalau urterekin edo, erabat inuzentetu eta herriko xelebre bihurtu zela. Erretratuan azaltzen zena ikusi, eta bizitzaren ironiak etortzen zitzaizkidan gogora: belarri ondoan zeukan muskerrak adierazi egiten zuela, auskalo zein halabeharrez, Albino Mariari gero gertatuko zitzaion guztia. Sinboloaren mailan izanda ere, Okerraren jestuak lotu egiten zituela iragana eta etorkizuna.”