Baina eta baino
Bereizi egin behar dira baina eta baino.
Ø Baina (bainan) juntagailu aurkaria da.
Oskarbi zegoen, baina (#baino), badaezpada, aterkia hartu zuen.
Ez dira gauza bera, baina (#baino) ez daude elkarren kontra.
Ø Baino partikulak, berriz, konparazio-balioa du.
Hura hau baino hobea da. Etxe hau txikiagoa da eliza baino. [EH]
Ø Lehen esaldia ezezkoa denean, hala ere, baino ager daiteke juntagailu aurkari gisa, baizik juntagailuaren balio berean.
Hori ez da gorria, zuria baino/baizik.
Ez du gogoan beste gauzarik erabili, guri mesedeak egitea baino/baizik.
Ez dago bide bat baino/baizik.
Ø Nahiz eta erabilera horren lekuko ugari aurkitu tradizioan. ez da ontzat ematen baino erabiltzea baina formaren ordez.
Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiak adibide hauek dakartza, besteak beste:
- Eskolarikan eztaukat bañon / esango ditut egiyak. Xenpelar
- Total egiña zegoen baño / alare ezurrak osorik. Xenpelar
- Zu bezelako damikan / agiyan izan liteke baño / ez det sinisten danikan. Bilintx
Euskara batuan, baina idatzi beharko litzateke adibideetako esaldi horietan guztietan.
Euskara Batuaren Eskuliburua (moldatua)
Artikulua
Abereak mozorrotuta
Marra zuri-beltzez apaindutako larruazala izateagatik bereizten dira zebrak. Azken 150 urteetan lau hipotesi nagusi gailendu dira zebren marren zergatiaren inguruko eztabaidetan: zebrek marrak dituzte
(1) harrapariak despistatzeko,
(2) arrazoi sozialengatik,
(3) tenperatura erregulatzeko
eta (4) eltxoen ziztadak saihesteko.
Baina 2019an argitaratutako bi ikerketa independentek erakutsi dute zebren marren funtzio nagusia eltxoen ziztadak saihestea dela, nahiz eta mekanismo zehatza oraindik ez den ezagutzen (…)
(…) Arestian aipatutako ikerketaren harira, hilabete batzuk geroago, Japoniako talde batek esperimentu praktiko bat gauzatu zuen hango behi beltzekin. Batzuk marra beltzez margotu zituzten, beste batzuk marra zuri-beltzez eta gainerakoak margotu gabe utzi zituzten. Behi talde bakoitzak gorputz osoan zein hanketan jasotako ziztadak zenbatu zituzten, eta ateratako ondorioa honako hau izan zen: marra zuri-beltzdun behiek eltxoen ziztada gutxiago jasotzen dituzte. Gainera, behiek eltxoak uxatzeko dituzten mekanismoen (buztana eta burua astintzea, hankak eragitea eta abar) maiztasuna ere behatu zuten. Lortutako emaitzek aurrez erreparatutakoa berretsi zuten: hau da, eltxoek enbarazu gutxiago eragiten dietela marra zuri-beltzdun behiei. Hori horrela izanik, ikerketa egin duen talde japoniarrak proposatu du, pestizidak erabili beharrean, baserrietako abereak marra zuri-beltzez margotzea, eltxoen erasoak saihesteko.
Eta, bide batez, metodo alternatibo horri esker, pestizidekiko erresistentziak ingurumenean sortzen duen arazoa arintzea lortuko litzateke.
Imajinatzen duzue hurrengoan mendi buelta bat egitera irten eta zebraz mozorrotutako behi edo zaldi talde batekin topo egitea? Hori gertatuz gero, orain badakizue apaindura horiek ez direla duela hilabete eskas ospatutako inauterien arrastoak.