Bizidunak eta bizigabeak
Ez dira berdin deklinatzen bizidunak eta bizigabeak.
Gizakiari eta animaliei dagozkienetan erabiltzen dira bizidunekiko atzizkiak: -gan, -gandik, -gana, eta ez landareei eta naturari dagozkienetan.
- LagunenGAN aurkitu dut kontsolamendua
- Badut konfiantza zuGAN
- GurasoenGANDIK datorkio zaletasuna
- BasoetaN aurkitzen dute babesa, eta* ez BasoenGAN aurkitzen dute babesa
- IngurumeneaN eragina izaten dute isurketa horiek, eta ez* IngurumenarenGAN eragina izaten dute isurketa horiek
- Begirada landareRA zuzendu zuen, eta ez *Begirada landarearenGANA zuzendu zuen
Hala ere, bizidunaren tratamendua har dezake izen batek beste hainbat berezitasunengatik: pertsonifikazioa, sinbolismoa, animismoa…
- Mesede handiak jasotzen ditu EguzkiarenGANDIK
…nahiz eta orokorrean bizi gabe moduan jokatu: Lurra ez dago gertu Eguzkitik
Multzoak eta erakundeak ere bizidunen moduan deklinatzen dira zenbaitetan, eta honelako bitasunak gerta daitezke:
- Gobernutik dator gutun hau
- Ez dugu ezer onik espero GobernuarenGANDIK
- Ez dago aparteko albisterik taldeaN
- Sinesmen handia dut taldearenGAN
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
Adi erabilera oker hauei:
*Tabola nigatik egina da Txabola nik egina da / Txabola nik egin dut
*100 eurogatik erosi dut 100 euroan (eurotan) erosi dut
-norengatik eta –norengandik ez dira nahastu behar:
*Zu(re)gandik egin dut Zu(re)gatik egin dut
*Ni(re)gatik zer espero duzue? Ni(re)gandik zer espero duzue?
Elkarrizketa
Lander Muñagorri kazetariak Joserra Garziari egindako elkarrizketa Berrian:
Kike Amonarriz eta zuk egin zenuten gida bat Euskadi Gazteak hizkuntzan izan beharko lukeen erabilera aztertzeko, eta proposamenak egin zenituzten...
Lerde kontainer oso ondo dago, baina Gazteak testuinguru egokian sei aldiz erabiliko balu, hori hedatuko litzateke. Erabiltzen ez denak ez du indarrik, eta indarrik ez duenak ez du inork erabili nahi. Sorgin gurpil hori apurtzeko ardura ez dugu norbanakoek izan behar. Baten batek eskatu beharko du, orduan. Gazteara bidaltzen diren mezuetan gazteleraz idazten dute askok: «Jarri abesti hau. Igandean al Ibilaldi a ver si pillamos cacho». Mezu horiek bidaltzen dituzte, eta esatariak enfasia jartzen du gaztelerazko zatian. Hor esaten ari da inportantzia gaztelerak duela. Esan genien zati horiek itzuli beharko liratekeela, eta artifiziala zela zioten. Gida hori egin genuen, eta tiraderan gorde zuten.
Erabilera sustatzeko baliabideak behar direla, alegia.
Hori da. Euskaraldia zoragarria izanda ere, euskaraz aritzeko baliabiderik gabe jai daukagu. Denak behar ditugu, eskola eta hedabideak. Esaten dugu euskara normaldu gabe dagoela, baina euskal idazleek sortzen dituzte euren munduak euskaraz, eta hori ez doa hiztunengana. Non dago transmisio hori? Euskararen profesionalak hori asumitu behar du, eta hori egiten ez den bitartean, jai daukagu. Bolada batez [Joxean] Artzeren esaldi ezagun baten kartelak jarri zituzten tabernetan: «Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik». Bada, nik beste bat jarriko nuke horren azpian: «Hizkuntzak ez badio hobeto bizitzeko balio, hiztunak era berean esango dio kaixo eta adio».
Berria (elkarrizketa osoa)