SUPOSATU aditza gehiegi erabiltzea
Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuak ez du jasotzen hitz hau. Zientzia- eta eskola-liburuetan erruz agertzen bada ere, Hegoaldean baino ez da erabiltzen, eta ez du inongo tradiziorik (Hiztegi Modernoak jasotzen du: 1977). Iparraldeko -ATUz amaituriko aditzen antzera osatua:
- imponer (gzt.), imposer (fr.) = inposatu (eu.)
- acariciar (gzt.), caresser (fr.) = karesatu (eu.)
eta era berean, suponer (gzt.), supposer (fr.) = *suposatu
Bestalde, esanahi ugari ordezkatzeko txarto erabiltzen da:
1) uste izan, -koan egon, pentsatu, iritzi;
2) izan;
3) ekarri, etorri;
4) esan nahi, adierazi.
Beraz, aukeran, “suposatu” baztertu eta aurreko horien erabilera lehenetsi.
Ø Erabaki horrek gure esperantzaren amaiera suposatu zuen
Erabaki horrek gure esperantzaren amaiera ekarri zuen.
Erabaki hori gure esperantzaren amaiera izan zen.
Ø Aurrerapen handia suposatu zuen hark.
Aurrerapen handia izan zen hura.
Aurrerapen handia ekarri zuen/zion hark.
Ariketak egiteko, sakatu HEMEN
Artikulua
Segurtasunaren konformitate antzuaz
(…) Egunotan lan-oposizio askoren berri izan dugu. Hedabideek elkarrizketatzen dituzten oposiziogile gutxi entzuten da esaten «betidanik nahi nuen izan erizain», «irakasle izatea da nire bokazioa», «zerbitu publikoaren zale amorratua naiz»... Aitzitik, entzuten dena da bizitza segurtatua nahi dutelako izan nahi dutela, ez irakasle edo erizain, baizik funtzionario. Beldurra nagusi, trenpua ez daukagu ausardietarako, kikilduta gaude, gure baitak gorabeherarik gabeko segurtasuna du amets.
Ai, baina! Segurtasunak konformitatea dakar. Konformitateak, munduari begiratzeko modu etsi edo bezatu edo konplizea. Batera zein bestera, mundua aldatzeko borondaterik eza.
Kontrara: eskalatzaileak —muturrera daramat metafora— istripu bat izateko beldurrez biziko balira, hurbilago leudeke hormatik erortzetik, porrotetik. Hala da. Baina bizitzaren alor guztietan mundua hobetzeko benetako konpromisoaren parte inportantea da arriskuaren kontzientzia sortzailea.