Ehunekoak nola idatzi.
Nola idatzi behar ditugu?
- Digituz idazten da.
- % sinbolaren eskuin aldean, eta bien artean hutsunea utziz (nahiz eta IVAPeko estilo liburuan kontrakoa adierazi, ematen du zabalduena hutsunea dela): % 8 ; % 78,20
- Ehunekoa dagokion hitzaren ondoren idatziko dugu:
Botoen % 48 lortu du hautagaiak * % 48 boto lortu du hautagaiak
Nola deklinatu?
Kasuan kasuko atzizkia erantsiko diogu zenbakiari, marratxorik gabe.
Kutxak % 13ko hazkundea izango du
Prezioak % 5 igo dira
Zenbat? galderari erantzuten diote, eta ez dagokie artikulurik…
Deitutakoen % 10 etorri zen batzarrera
*Deitutakoen % 10a etorri zen batzarrera
Telebista-kateen % 25 euskaraz da
*Telebista-kateen % 25a euskaraz da
Inkestatuen % 7k uste du ona dela
*Inkestatuen % 7ak uste du ona dela
Langileen % 10ek istripuren bat izan du
* Langileen % 10ak istripuren bat izan du
... salbu eta, aurretik emandako ehuneko kopuru(ar)en osagarri delako, mugatu singularrean jokatzen den kasuan. Esaterako, aurretik gainerako edo beste badute:
Gastuen % 89 udalena da; %8, mankomunitateena, eta gainerako % 3a, kontzejuena.
Auzokoen % 25 alde dago, eta beste % 75a aurka
Ehunekoak singularrean egiten du aditzaren komunztadura:
Zuetatik % 8k erantzun du ongi (ez da gomendatzen pluralean jartzea: Zuetatik % 8k erantzun dute ongi).
Aldea adieraztean, zenbat eta zenbatez erabiliko ditugu, eta ez zenbatean:
Prezioak % 5 igo dira Prezioak % 5ez igo dira
*Prezioak % 5ean igo dira.
Egokia da zenbatean kasu honetan: Arropa %50ean jarri dute merkealdian
Iturriak:
- EHULKU (hor dauzkazue EHUk jarritako aholku guztiak).
- PETRIRENA, Patxi. Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia. Vitoria-Gasteiz, 2011
Pasartea
“Pasaporte espainiarrak behar ditugu, zuek ikusi nondik atera”.
Plazera da eskuarentzat patrikaren forrua, baina ez du zertan beti norberarena izan: tentuz hautatu behar du Bekaintirok eskua nori sartu. Zakur zaharra da, ez du lehen aldia. Hatz luze eta delikatuak berea ez den sakelan samurkiro sartzeko une egokia hautatzea da gakoa, arnasari eutsiz hatzak sakelaren forraduran barneratzea, estore bateko bi listoi apartatu eta zirrikitutik begiratzen duenak bezala. (…)
Patrika barruko gogortasun tentea ukitu du kanta amaitu orduko Bekaintirok hatz puntekin, “bingo, hauxe duk nahi nuena”. Neguan errazagoa da eskua sartzea, gabardinetako patrikak ahozabalagoak dira. (…)
Ezin izan dio gizonari aurpegia ikusi. Burberry jakaren forradura laztandu du lehenbizi, ongi jositako gabardinaren juntura. Patrika bilatu du ondoren. Gogoa eman dio tarte batez eskua bertan goxo uzteko. Lokargarria da oihala ukimenean; zer eskularru diren zenbait patrika. Baina berehala tupust egin du hatz artean diru-zorroa baino estuagoa eta gogorragoa den ertz trinkoarekin. Oihaletik bereiz, erakuslearen azazkalaren eta erdiko hatzaren mamiarekin matxardatu, eta poliki-poliki atera du azal gogorreko liburuxka, dokumentu preziatua, zilegi den ihesa, Donostiako Gestoria Arribaseko estalki gris eta guzti.
“Pasaporte espainiarrak behar ditugu, zuek ikusi nondik atera”.
Seiko harro egongo da egindako lanaz. Badaukate jendea gero pasaporte haiei argazkia aldatzeko. Eta garrantzitsuena: badauzkate pasaporte faltsu haiekin harat-honat ibiltzeko prest dauden militanteak.
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Pasadizoa
Lau urte nituela etorri ziren aitaren bila, 1936an. Donostialdetik erreketeak zetozela eta lagundu beharra zegoela esan ziguten. Aita gurdian hartu eta bi urte igaro ziren haren berri izan gabe.
Herriko zurrumurruek zioten Cantabrian harrapatu zituztela. Bi urte luzez aitak aita izateari utzi zion, amari lanak hirukoiztu zitzaizkion. Gerraren nondik norakoak bagenezkien, ez genekien aita bizirik zen.
Hilabeteren buruan sukaldeko mahaian bilduta ginen ama, anaiak eta ni, afaltzen. Trena gure etxe atzeko mendi magaletik pasatu zen, egunero bezala, burrunba sortuz. Anaia zaharrak, bromazale amorratuak, berriz ere bota zuen: "aita dator tren horretan". Amak errieta egin zion, halakoekin ez dela bromarik egiten esanez. Baina, anaia ume bat besterik ez zen, ni bezala.
Denbora gutxira, atean tok-tok aditu zen. "Aita da!"
Hormaren bestaldean bizar handiko gizona zegoen. Bi urte pasata, nik ez nuen lehenengoan ezagutu. Baina, bai, aita zen.
Atxitxak kontatutakoa
Iñaki Larrañaga