nahiko(a) ≠ samar
Nahiko(a) eta samar ez dira erabat sinonimoak.
• Kokaguneari dagokionez, samar beti doa adjektiboaren edo adberbioaren ondoren; nahiko(a), berriz, haien aurrean.
Berandu samar etorri da.
Ergel samarra da.
Nahiko(a) berandu zen bazkaltzeko.
Nahiko(a) ergela da.
• Nahiko(a) zenbatzailea ere badenez, izenei lagunduz ager daiteke: Nahiko(a) diru bildu dut.
Baina samar, ez.
• Esanahiaren aldetik ere badute ezberdintasun-mailaketa bat, euskaldun askoren erabileran: nahikoa esaten duenak zerbait gehiago, zerbait positiboagoa, esaten duela dirudi samar hitzez baliatzen denak baino.
Adibidez, Zer moduz egin duzu lo? galderari Nahikoa ongi erantzuten dionak Ongi samar erantzuten dionak baino zerbait positiboagoa erantzuten duela dirudi. Era berean, nobela bat on samarra dela esatea badirudi nahikoa ona dela esatea baino zertxobait gutxiago esatea dela.
Miren Agur Meaberen Hezurren erretura liburutik hartutako pasartea
Etxe dotore baten alboko petrilean jesarrita gaude, Karraspioko bidean. Ama galtzorratzekin eta amabitxi liburu bati orri-pasaka. Landare bati hostoak kendu eta zabal-zabal paratu ditut harrian, oihalkiak mostradorean bezala. Zuloak egiten ari natzaie galtzorratz batekin. Kontuz, laztana. Hostoan bordatu nahi dut, grabatu, idatzi. Eguzkiaren islak platanoetan.
Kontuz bizikletan garbosoegi ibili eta emamintza urratu barik. Kontuz koadernoa galdu eta baten batek barruan pentsamenduren bat aurkitu barik. Kontuz otsoarekin eta haren forma ugariekin: marihuanarekin, txanpon-makinekin, neska-mutil askojakinekin. Kontuz legenarra harrapatu barik, Ben Hurren arrebak bezala. Kontuz hegan goregi egiteagatik hegalak urtu barik. Kontuz txoriek ogi-papurrak jan eta zu itzulerako bidea topatu ezinik geratu barik, kale gorrian.
Kalean izaten dira gure olgetak, denda aurreko iturri ondoan eta inguruko kantoietan. Neguan antzerkia egiten dugu, berokiak aurpegi-bueltan lotuta, tunikak eta mantuak irudikatzeko. Zu artzaina, hori aingerua, zuok astoa eta idia. Portala portaletan. Nik Maria izan nahi dut, baina horretarako pezeta bat ordaindu behar zaie neska handiei. Haiek, ordea, musutruk hartzen didate andrakila, Jesus umearena egiteko.