Zalantza bat argitzeko eskatu digute. Aurretik aipatu genuen, baina horratx berriro!
JOAN BEHAR DUT ala JOAN BEHAR NAIZ?
Euskaltzaindiaren arabera, BIAK DIRA ZUZENAK. Hau da, biak erabiltzen dira euskalkietan, baina euskara baturako hau hobesten du:
- Lanera joan BEHAR DUT.
1/ Behar izan aditzarekin batera doan beste aditza NOR-NORK sailekoa denean, ez dago zalantzarik (inpertsonala edo pasiboa ez bada, edun aditz laguntzailea erabiltzen da):
• Auto berria erosi behar dute. / Auto berriak erosi behar dituzte.
• Lehenbailehen aldatu behar ditugu ohiturak, bestela...
• Biharko konpondu behar nioke ordenagailua.
2/ Aditza NOR sailekoa denean, berriz, bi jokabide izan dira hiztun eta idazle euskaldunon artean. Jokabide hedatuena edun aditza erabiltzekoa da, baina izan laguntzailea ere erabilia izan da eta erabilia da lehenagoko eta gaur egungo testuetan, ia Euskal Herri osoan:
• Aitari bazkaria eramatera joan behar zuen gero. / Aitari bazkaria eramatera joan behar zen gero.
• Garaiz heldu behar dugu etxera, bihar oso goiz altxatu behar dugu eta. / Garaiz heldu behar gara etxera, bihar oso goiz altxatu behar gara eta.
Euskaltzaindiak arau bat atera zuen auzi honen gainean: 113. araua
Irale eta Ehulku
Pasartea
Gaur esfortzu txiki bat egingo dugu Txomin Agirreren Garoa irakurtzeko.
1912an argitaratu zen, eta gipuzkeraz dago idatzia.
"Ta anima berdineko gizadiak aisa billatzen dute batak bestea, naiz
ta gorputzez alkarren antzik ez euki . Norbaiten adiskide izateko
etzaio gorputzari ainbeste begiratzen, gorputzaren zerzeladak zer
ikusirik eztaukate . Argala izan edo lodia, sudur luzea edo sudur
motza, lerdena edo korkoxa, eztigu batere ajola . Gure uste, gogo ta
iritzikoa izan dedilla ta edozein dator ongi, edozein da era erako
adiskide . Eztakusgu, edonun ta edonoiz, nola inguratzen diran
gorriak gorrietara, zuriak zuriakana, txoroak txorakerira, elizkoiak
elizaruntz, mutillak eta neskatxak, zarrak eta gazteak, goikoak eta
bekoak, bakoitza bere aldratxoan, bakoitza beretarrakin, bano andi
ta txiki, makal ta indartsu, iaio ta itxusi danak pilla ta moltso
batean? Zerk inguratu ditu? Gorputzaren egokitasunak ez, animarenak:
animak dira alkarren antzekoak, animak alkarren aide" (Garoa,276. or.).
Txomin Agirre