Mezu hau eman nahi dute egunotan Athletic zaleek:
Athleticek galdu egin du. Hala ere, pozik gaude.
Lagunduko diegu hainbat eratan ematen:
Athleticek galdu ARREN, pozik gaude.
Athleticek galdu dueN ARREN, pozik gaude.
Athleticek galdu ARREN ERE, pozik gaude.
Athleticek EZ irabazi ARREN, pozik gaude.
Athleticek irabazi EZ ARREN, pozik gaude.
NAHIZ ETA Athleticek EZ irabazi, pozik gaude.
NAHIZ ETA Atheticek EZ DUEN irabazi, pozik gaude.
Athleticek galdu BAdu ERE, pozik gaude.
Athleticek galduTA ERE, pozik gaude.
Athleticek galduAGATIK ERE, pozik gaude.
Iritzia
Iltzatuta
Igandeak egun politak dira. Arrats politak dituzten egunak dira, hobe esateko. Nire etxeko atarira heltzeko zeharkatu behar dudan kale luzea hutsik dago, guztiz mortu. Farolen argi hilkorrek xume argitzen dituzte itzal ilunak, izarren argi jainkotiarraren begiradapean. Atarian, postontzietara jo dut; Nora Zubizarreta, Martxel Garmendia, 2.ezkerra dio duela sei urte izena jartzeko zirrikituan sartu genuen etiketatxoak. Ez dut kendu oraindik, ez. Mina ematen dit oraindik, bai. Baina hortxe dago, etiketatxoa zirrikituan engantxatuta geratu zen bezala geratu naizelako ni zure oroitzapenean iltzatuta. Iltzatuta, iltzez josita geratu nintzen, eta mina ematen didazun arren, min handiagoa ematen dit zugandik urruntzeak. Izan ere, mugitzen naizen bakoitzean barrurago sartzen zaizkit iltzeak; herdoiltzen hasiak direla badakidan arren, ez dut errotik ateratzeko besteko indarrik, eta, adorea batu arte, nagoen lekuan geratuko naizela uste dut. Orain inor ez dudala badakidan arren, noizbait norbait izan nuela gogorarazten didate iltze horiek, eta mina ematen didaten arren, hein batean kontsolatu egiten nau min horrek.