BESTERIK EZ
Besterik ez erabiltzean, aditz-komunztadura singularrean egiten da:
Eskolako liburuak besterik ez dut ekarri
*Eskolako liburuak besterik ez ditut ekarri
Izan ere, aditzak besterikekin egiten du komunztadura (bera baita aditzaren objektua), eta ez haren ezkerreko sintagmarekin:
Ez zegoen bakar batzuk besterik
*Ez zeuden bakar batzuk besterik
Bada salbuespenik, ordea:
Lurreko atsegin, poz eta gozagai guztiak aldi batekoak besterik ez dira.
Mea mota guztiak atomoen bilduma besterik ez dira.
Artikulua
Hizkuntzaren muga
(…) Teknologia horiek asko garatu dira autoetan eta domotikan. Gidatzean ezin da gailu elektronikorik erabili, errepideari begiratu behar zaiolako. Horregatik egin dute ahotsaren aldeko apustua alor horretan. Asier Iturralde Iametzako garatzaile eta Librezale elkarteko kideak adibide bat aipatu du: «Nire lankide batek autoa bulego gisa erabiltzen du. Ahots bidez eskatzen dio nori deitu, eta, askotan, bidaiak aprobetxatzen ditu telefono deiak egiteko». Hala ere, oztopo bat badago: hizkuntzarena. Izan ere, gailu horiek gaztelaniaz eta frantsesez hitz egiteko diseinaturik egoten dira. «Izenak esatean, adibidez, euskal fonetika ez dute ongi harrapatzen».
Teknologia horiek garatzen dituzten enpresa handiek, normalean, ez diote erreparatzen hiztun gutxi dituzten hizkuntzei. Google, Amazon, Apple eta antzekoek interes handia dute, eta inbertsio handiak egiten ari dira ahozko teknologian. «Haientzat, euskara bigarren edo hirugarren mailako hizkuntza da», ohartarazi du Saratxagak. Lehenbizi, hiztun kopururik handienak dituzten hizkuntzetan garatzen dituzte beren teknologiak. Gero, batzuetan, bi milioi eta milioi bat artean dituztenetan.
«Betiko erronka» da, Waliñoren aburuz. «Gure seme-alabek badute gailu bat, eta gaztelaniaz egin behar zaio. Erronka bikoitza dugu: lehenik, teknologikoki horra ailegatzea, eta, bigarrenik, multinazional horien esku dauden gailuetan sartzea. Euskararen garapena nahi badugu, ezin diogu horri uko egin». Horrelako gailuak geroz eta zabalduago daudela gogorarazi du Waliñok, eta geroz eta eremu gehiagotan erabiliko dela ahotsa gailu teknologikoekin aritzeko. Horregatik uste du garrantzitsua dela erronkari heltzea: «Egunerokoan euskaraz bizi nahi badugu, gailu horiekin ere euskaraz bizi beharko gara». Bide horretan, erakunde publikoek badute zer eginik, Aholabeko kidearen ustez. «Katalunian, adibidez, asko inbertitu izan dute».