MODUZKOAK:
BEZALA/ BEZALAKOA
BEZALA/ BEZALAKOA
bezala/bezalakoa: zaren *bezala/bezalakoa maite zaitut
Galdera
Zuzena al da zaren bezala maite zaitut esatea?
Erantzuna
Ez, ez da zuzena erabilera hori.
Sarritan, erdararen eraginez edo (gaztelaniaz biak como baitira), nahastu egiten dira bezala (NOLA) eta bezalakoa (NOLAKOA). Hauek dira, adibidez, erabilera zuzenak:
- Zaren bezalakoa maite zaitut. (NOLAKOA)
- Txori bat bezalakoa zara: airosa eta lotsatia. (NOLAKOA)
- Txori batek bere umea bezala maite zaitut: leunki. (NOLA)
- Txori batek bezala kantatzen duzu: ederki. (NOLA)
- Zu bezalakoa da: langile amorratua. (NOLAKOA)
- Zu bezala dago: nekatuta. (NOLA)
Xehetasun gehiago jakiteko, ikus Euskaltzaindiaren Euskal Gramatika: Lehen Urratsak, EGLU, V (383.-385. or.).
Data: 2015/02/26
Erantzulea: Joxe Ramon Zubimendi, JAGONETen arduraduna
Pasartea
Nobelako protagonista Nagore Vargasi IHESa diagnostikatu diote…
Lehenengoz atera nintzen kalera diagnostikodun gorputzean, poltsikoan lehergailu bat daramana bezala. Kaleak, jendeak, egunaren argiak tindu berria zuten. Abortatu nuen goizaz gogoratu nintzen: nola ibili nituen kaleak sabelean printza bat garraio, munduaren ezkutuan eta laster desegingo zela jakitun. Heriotza-printza bat nuen orain, identifikatu ezin zen gorputz atalen batean.
Goiz izanagatik ospitalerako autobusa hartu nuen. Bezperan baino gertuago sentitu nintzen ibilgailua betetzen zuen itsustasun orokorretik. Leihoz bestaldean jende osasuntsua lanera bidean zihoan (…)
Jenisjoplin
Uxue Alberdi