Edozein GAIZ hitz egitea, edo
Edozein GAIEZ hitz egitea? : Edozein GAIEZ hitz egitea
Hainbat GAUZATAZ hitz egiten dugu edo
Hainbat GAUZAZ hitz egiten dugu? : Hainbat GAUZAZ hitz egiten dugu?
Bai zenbait eta bai hainbat ondoan duten hitzak mugagabean egon ohi dira. Beraz, bi adibide horietan zertaz kasuko mugagabea erabili behar da.
Hona hemen nola osatzen den:
alaba > alabaZ, eta ez alabaTAZ
seme > semeZ, eta ez semeTAZ
ilun > iluneZ, eta ez iluneTAZ
Ikusten den bezala, aski da hitzari -z eranstea bokalez bukatua bada, eta -ez eranstea kontsonantez bukatua bada. Nolanahi ere, bada salbuespenik: gau hitza eta diptongoz bukaturiko hitz silababakarrak.
gau > gauEZ
gai > gaiEZ
dei > deiEZ
MUGAGABEARI BURUZKO ARIKETAK EGIN NAHI BADITUZUE: http://euskaljakintza.com/ariketak/deklinabide/mugagabea_1.htm
Mikroipuina
Nire etxeko ataria
Igande arratsalde euritsu eta aspertu batean,
leihotik begira jarri nintzen. Korrika zetorren
neska batek atentzioa deitu zidan. Ez dakit
ongi zergatik baino larrituta zegoela ematen
zuen. Nire atarian sartu zenez nora joanen ote
zen pentsatzen hasi nintzen. Bigarren pisuko
gazte zaratatsuenera agian? Edo laugarrenean
bizi den amona hiztunarenera? Ez, lau katurekin
bizi den andre bakarti eta misteriotsuaren
etxera seguraski. Hori pentsatzen ari nintzela,
bat-batean nire etxeko txirrina jo zuen. Harrituta
ateko zulotik begiratu nuen eta neska
hura nire atearen parean zegoen: neska ezezagun
bat atean, korrika etortzea… Zerbait
arraro sentitu nuen une horretan. Ez nintzen
irekitzen ausartu, beldur nintzen.
Amaia Aierdi Mariñelarena
Oso ohikoa da gaur ikusiko dugun akatsa. Marrazkian duzue adibide garbia:
*BESTEETAZ ARDURATZEA DA
BESTEEZ ARDURATZEA DA
-TAZ kasu-marka galdetzaile, erakusle edo pertsona-izenordainak ez diren hitzekin erabiltzean datza akatsa. Adibidez:
*MikelETAZ hitz egiten ari gara. MikelEZ hitz egiten ari gara
*BegoTAZ orioitu naiz. BegoZ oroitu naiz.
Beste gai* batETAZ mintzatu gara. Beste gai batEZ mintzatu gara.
Beste hainbeste gertatzen da pluralarekin ere. Izan ere, zenbait hiztunek pluralean –ETAZ erabiltzeko joera dute. Adibidez:
Zer pentsatzen duzu *irakasleETAZ? Zer pentsatzen duzu *irakasleEZ?
Nortaz ari zara? *LagunETAZ Nortaz ari zara? LagunEZ
Ni ez naiz *politikoETAZ fio. Ni ez naiz politikariEZ fio
Euskal Gramatika Osoa
Ilari Zubiri / Entzi Zubiri
Hala ere, hau ez da kritika moduan hartu behar.
Beti esaten dugun moduan, euskara erabili behar dugu, eta akatsetatik ikasi.
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak sortutako 1, 2, 3 Barandiaran egitasmoak ataundarrari buruzko zertzelada batzuk ematea du xede, modu didaktiko eta erakargarri batetan. Gazte eta ez horren gazteei dago zuzenduta.
Artikulua
Joxe Luix Beasain Barberua ardi artean jaio zen eta ardi giroan igaro ditu bere bizitzako momentu gehienak. Aitona artzaina, aita artzaina eta bera ere artzain ibilia baita Hernaniko Ereñotzu auzoan, Urumeako bailaran.
Soinu bat, ardi bat
Beasainek 95 ardi izan zituen eta haien herenak, 30 inguruk, zuten zintzarria. Zein ardiri jarri erabakia “formaren arabera edo ardiaren izateko eraren arabera” hartzen zuen. “Artzain bakoitzaren burutazioak izaten hituen: ardi honek muturra kurbatua zuela, hau txikiagoa zela…” artzainak berak erabakitzen zuen nori jarri. Ardi bakoitza ezagutzen zuen moduan, ardi bakoitzak bere izena zuen bezala, jakiten zuen zintzarri bakoitzaren soinua zein ardiri zegokion. “Ikusi nahiz ez ikusi, zakar artean edo garopean ibiltzen hituen sasi-ardiak eta zintzarri soinuarekin jakiten genian ‘holako ardi han zegok’”.
Artzainaren belarri finek ondo asko ezberdintzen baitute bere artaldeko zintzarri bakoitza. “Eta oraindik ere ezagutuko nitian”. Bere ardiekin batera, bailara berean ibiltzen ziren beste artzainen zintzarriak ere ezagutuko lituzkeen galdetuta barrez erantzun digu: “Bereiziko ez nitian ba! Aditzea nahikoa izaten nian!”. Gogoan du Beasainek oraindik ere Oiartzun inguruan mendian zintzarria aurkitu zuenekoa. Aitajauna oiartzuarra zuen eta hari erakutsi zion. Aitajaunak zintzarria astindu, soinua entzun eta ez omen zuen dudarik egin: “Hau halako baserrikoa duk”. Begira geratu gatzaizkio Beasaini. Ulertu du barruan dugun galdera: “Eta zintzarria beste artzain bati lapurtuz gero, kontuz, e? Hire ardiari jartzen badiok segituan ezagutuko dik!” esanez bukatu du kontakizuna.
2017ko uztailaren 2a