EGIANTZEKOTASUNA
Zer da egiantzekotasuna? Itxura guztien arabera gertatuko den zerbait.
Hori adierazteko, honako esapideak erabili ohi dira:
Dirudienez: Dirudienez, ezin izan dute ezer egin.
Antza denez: Antza denez, ezin izan dute ezer egin.
Batzuetan, denez ezabatu egiten da: Ahaztu egin zaie, antza.
Itxura denez (itxuraz): Itxura denez, ezin izan dute ezer egin.
Agidanez, agidanean: Agidanez, oraindik ez da inor etorri/ Beste hori, agidanean, hau baino hobea da.
Nonbait: Sasoi hartan, nonbait, gauza horiek ohikoak ziren.
Artikulua
Itsasoa hemen hasten da
Kaleko estolda-zuloetatik botatakoa itsasora doa zuzenean. Kutsadura saihesteko deia egin die Donibane Lohizuneko herriko etxeak herritarrei eta bisitariei. Estolda-zulo ondoan jarritako plakak hala dio: “Hemen itsasoa hasten da, deus ez bota otoi”. Jende asko ibiltzen den guneetan jarri dituzte halako plakak euskaraz eta frantsesez.
Zigarrokina botatzen da sarri estolda-zuloetara eta herriko etxeak adibidetzat hartu du. Europako Batzordeak egindako ikerketa baten arabera, Europako hondartzetan gehien agertzen den hondakina da zigarrokina, eta ondoren plastikozko botilak datoz. Zigarrokin txikiek kalte handia eragiten dute. Filtroek dituzten plastikoek hamar bat urte behar dituzte desagertzeko eta zigarrokinak dituen hainbat substantzia kimiko uretan gelditzen dira, haietako batzuk oso kutsakorrak.
Beheko argazkian Bermeoko Talako kantinan ipini dituzten ontzietako bat ageri da. Kontserbak egiten dituen Arroyabe enpresak kristalezko ontziok oparitu dizkie kantinakoei. Kristalezko ontziak dio haizeak eraman ditzakeen paper-zatiak, pipa-azalak, amatatutako zigarroak sartzeko. Ontziak “Itsasoa hemen hasten da” leloa ere badarama. Terraza eta kostaldea hondakinik gabe mantendu nahi dute.