ZENBAKIEKIN NOLA JOKATU
Ø Garaia nola adierazi?
60ko hamarkada esango dugu
*60.eko hamarkada (hirurogeigarreneko hamarkada)
*60 hamarkada
Ø Telefono zenbakiak nola eman?
Banan-banan ematea da egokiena: 943740267 (bederatzi-lau-hiru-zazpi-lau-zero-bi-sei-zazpi)
Ø Zatikiak
Honela irakurtzen dira:
1/2 erdia ; 2/3 bi heren; 1/4 laurden bat; 3/5 hiru bosten; 5/6 bost seiren; 4/9 lau bederatziren
Ø 14 urte ditut ala 14 urte dut?
Zenbatzaile zehaztuekin, aditza pluralean emango dugu:
14 urte ditut *14 urte dut
30 txipiroi harrapatu genituen * 30 txipiroi harrapatu genuen
Ø Orduak esatean gaizki erabiltzen ditugunak, hauek dira, besteak beste:
* Hiruak dira Hirurak dira
*Lauak dira Laurak dira (Beste zenbaki guztiekin r gabe: zortziak, zazpiak)
Ø t´erdi esapidea
Egokia da apostrofoa erabiltzea agur t’erdi esapidea adierazteko. Adiera horretatik kanpo, ez da erabili behar.
Orduak ematean, Euskaltzaindiak oso-osorik ematea du hobetsia: *sei t’erdietan / sei eta erdietan. Gainerako kasuetan ere, halaxe ageri da Euskaltzaindiaren Hiztegian: lau eta erdiko txapelketa; kilometro eta erdi; lau eta erdiko Arabako irekia…
Hala ere, pilota kontuak direla eta, oso ohikoa da (EITBk, Argiak, Berriak) horrela idaztea:
Jokin Altuna, garaile Sanferminetako lau t'erdikoan
Artikulua
Bakardadea
Bakardadea ederra da, norbaiti kontatzeko aukera duzunean
Gutako asko jendez inguratuta jaio ginen, lagunez inguratuta bizi gara, eta, beharbada, norbaiti eskutik helduta hilko gara.
Aldi berean, bakarrik jaio, bizi eta hilko garela ere esan dezakegu, gizakiok dugun bakartasun eta bakardade pertsonalaren kontzientzia kontuan hartuta. Aizkorri-Aratz parketxeko mural batean hauxe irakurri dut: Bakardadea ederra da, norbaiti kontatzeko aukera duzunean. Eta esaldi honen harira galdera sortu zait: pertsona izateak ez al du eskatzen norberaren bakardadea onez onartzea, eta honen sakoneko edertasuna bilatzea eta ezagutzea?
Bazterketa egoerak eta laguntasun faltak sortzen duen bakardadea bestelakoa da, saihestu beharrekoa, alegia, tristea: lagunik ez duen gaztearena, senarra hil zaion emakumearena, etxetik irten ezin den gaixoarena, baserrian bakarrik bizi den adinekoarena, etorkinarena, kartzelatuarena, negar egiteko sorbaldarik aurkitzen ez duenarena…
Bi aurpegi eta bi errealitate hitz beraren bueltan: ederra eta tristea, bakardadea!