Izan ezik (salbu) eta ez ezik
Ezik ezin da inoiz bakarrik joan. Beraz, izan ezik edo ez ezik erabiliko da (esan nahi denaren arabera), eta ez ezik soilik.
Izan ezik
Salbu adiera eman nahi dugunean, izen-sintagmari izan ezik erantsiko zaio. Aurrean doan sintagmak dagokion kasu-marka eramango du:
- Debekatuta dago autobusentzat eta taxientzat IZAN EZIK.
- Teologiaz IZAN EZIK, beste edozertaz daki hitz egiten.
Hurrengo adibidean argi ikus daitekeen bezala, NORK kasuan, posible da NOR kasua erabiltzea izan ezik esapidearen aurrean:
- Horixe egingo luke, zuK IZAN EZIK, beste edozeinek, edo
- Horixe egingo luke, zu_ IZAN EZIK, beste edozeinek.
Ez ezik
Esapide honek beste adiera bat du: gehitu egiten du. (Gaztelaniazko: no sólo… sino también). Emendiozko esapide hau aurreko juntagaiaren atzean ez ezik eta bigarrenean ere lokailua gehituz eratzen da. Hona hemen zenbait adibide:
- Ikusi duzu kamioi berri hori? Ikusi EZ EZIK, gidatu ERE egin dut.
- Hau EZ EZIK, gainerakoak ERE ederto eginda daude.
- Maite EZ EZIK, beste guztiak ERE etorri dira.
salbu adizlaguna berdin joan daiteke zerbaiten ondotik («zu salbu») nahiz aurretik («salbu zu»).
- Fededun guztiak, SALBU zaharrak eta eriak;
- Horiekin denekin, hasi berri diren zenbaitekin SALBU, kantatu dut askotan.
Kokapen-aukeren aldetik, beraz, ez dira berdinak salbu eta izan ezik, bigarren horrek atzetik joan behar baitu beti.
Gogoratu:
- Izan ezik (=salbu) eta ez ezik desberdinak dira.
- Ezik ezin da inoiz bakarrik joan.
- Teologiaz IZAN EZIK (salbu), beste edozertaz daki hitz egiten. (Teologiaz ez daki.)
- Teologiaz EZ EZIK, beste edozertaz ere badaki hitz egiten. (Teologiaz badaki.)
Iturriak: Euskaljakintza, Mindegi
Ariketak: http://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/izan_ezik.htm
Artikulua
Geografia gustatzen zait, badakidalako, mapa bat banintz, zein bihurgunetan egongo litzatekeen nire bizitzan kokatu dudan pertsona bakoitza. Badakit zein arroilatan jaso nauten zein eskuk, zein errekatan ito nahi izan nauen zein hankak, zein larretan muxu eman didaten zein ezpainek, zein aldapatan bultza egin didan zein begiradak, zein eskaileratan utzi didan deskantsu hartzen zein altzok, zein trokatan erori naizen zein bihotzi kasu egitearren. Badakit nork eta nola osatu duen ni naizen mapa hau, eta pena ematen dit geografia horretatik desagertzen den pertsona bakoitzak. Badakit bizi dudan egun bakoitzean aldatu egingo dela nire mapa, baina hutsuneek (handiek eta txikiek) beti ematen dute min.
Artikulu osoa hemen
Onintza Enbeita
Berria