anitz
Asko hitzaren parekoa da adiera hauetan:
Anitz jende etorri da Jende asko etorri da (zenbtz.).
Ez da anitz luzatuko Ez da asko luzatuko (adlag.).
Oso eta txit (adlag.) ere baliokideak izan ditzake:
anitz handia / oso handia.
Ez da egokia, ordea, izenondo gisa erdarazko plural adjektiboaren ordain gisa:
*industria anitza, *jende anitza... (> askotariko industria, askotariko jendea...). [EH]
Euskaltzaindiaren Hiztegiak badakar plural sarrera, Hizkl. markarekin. Horrek, berez, gramatika-alorreko hitza dela adierazten du; baina, nazioarteko hitza izanik, maiz erabiltzen da politika-arloko hitzen izenondo gisa ere:
gizarte plurala (*gizarte anitza), demokrazia plurala, ezker plurala...
Beste hitz hauek ere ez dira zuzenak: balioanitz (> balioaniztun), aldeanitz (> aldeaniztun), eleanitz (> eleaniztun). [EH]
Gehiago jakiteko: EHUko Euskara Zerbitzua (2007). "Anitz/askotariko; plural",
Pasartea
(...) Nire alboan lubakietan zegoen gazte batek, unibertsitate ikaslea bera, biologoa, galdetu zidan:
"Ba al dakizu ipurtargiek zergatik egiten duten argia gauez?"
–Gose direlako?
–Ez ba. Maitasunagatik pizten zaie ipurdia. Emeak geldirik egoten dira, ez baitute hegorik, eta arrak hara eta hona dabiltza. Ar bakoitzak sekuentzia batean egiten du argia eta emeak erantzun egiten dio.
Sekuentzia berekoak baldin badira, elkartu egingo dira. Azken batean, notak dira, kantu bateko notak.
Argiz egindako kantuak. Emeak arraren kantua onartzen baldin badu, maitatuko dira.
Txominek aurrez aurre jarri du Karmele.
–Zuk onartuko al zenuke nire kantua?
–Ikusiko dugu.
Logelen eraikineko eskailerara lagundu dio Txominek Karmeleri. Agurrean Karmelek musu eman dio masail eta ezpain ertzaren artean, eta eskailerak igotzen hasi da.
Karmele gorantz doala, Txominek ataritik galdetu dio:
–Ba al dakizu nor zen Pavlova?
–Bai, dantzari bat.
Eta Karmeleren soslaia galdu egin da eskailera muturrean.