Lankide batek eskatuta, BETIKO eta BETIRAKO esamoldeak aztertuko ditugu gaur.
Euskaltzaindiak bokalez amaitutako aditzondoekin –KO erabiltzea gomendatzen du. Beraz, erabiliko ditugu betiko, atzoko, etziko, luzaroko, geroko, eta ez betirako, atzorako, etzirako, luzarorako, gerorako.
Adibideak:
Gizakiok ez gara betiKO. *Gizakiok ez gara betiRAKO.
EtziKO egongo zela esan zenidan. *EtziRAKO egongo zela esan zenidan.
Horiek geroKO utziko ditugu. *Horiek geroRAKO utziko ditugu.
AtzoKO eginda egon behar zuen. * AtzoRAKO eginda egon behar zuen.
BETIKO ETA HONEN KIDEAK
Hala ere, Euskaltzaindiak bere garaian hartutako erabaki guztiek ez dute arrakasta bera izan, eta honek baditu bere gorabeherak. Ibon Sarasolak bere iritzia ematen du betiko eta betirako hitzen gainean. Sarasolak, idazle onen adibideak emanez, argi ikusten du gaur egun betirakok betikok ez dituen ñabardurak dituela, eta hortaz, biak dira onartu beharrekoak haren aburuz. Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere biak dakartza (Habe Ikasbil).
Entzun zer dioen Ibon Sarasola adituak horri buruz
Pasartea
Makiavelok bere egunerokoan kontatzen du ortu bat zaintzen entretenitzen dituela zahartzaroko egunak. Baina venuta la sera (arratsa iritsitakoan), etxera erretiratu eta nekazari arropa zikin lokaztuak kendurik, dituen arropa dotoreenak janzten ditu, gaztetan erregeekin-eta egoteko baliatzen zituen arropa elegante berberak, baina ez inoren bisita espero duelako, ez printzeren bat edo enbaxadoreren bat errezibitzeko, bere jauregiko liburutegian sartu eta hango liburuen egileren bat bisitatzeko baizik.
“Dotorezia horrekin sartzen naiz ni klasikoen gortean; berek adeitasunez hartzen naute”, dio Makiavelok bere egunerokoan.
Horma
Anjel Lertxundi