PARTITIBOA BAIEZKO PERPAUSETAN NOIZ ETA NOLA [30. araua].
Izen-sintagma partitiboak lau perpaus-motatan erabiltzen dira:
· ezezkoetan (Ez dut astirik horretarako),
· galderetan (Kaferik nahi al duzu?),
· baldintzazkoetan (Laguntzarik behar baduzu, deitu) eta,
· indar enfatikoa emanez, baiezkoetan (Zuberoan bada mutil ederrik!).
Lehendabiziko hiru kasuetan ez da arazorik, baina bai baiezko perpausetan. Horri buruz hau dio arauak: «baiezko perpausetan partitiboa erabil badaiteke ere, enfasi mugatuetara bakarrik murriztu behar da, testuinguru berezietara, alegia». Halako baiezko perpausetan, galdegaia baietza da, eta, normalean, izenak adjektibo bat izaten du berekin.
Inoiz izena soilik utzi nahi bada, interpretazio zuzena egiten lagunduko duen eran jarri behar da; esate baterako:
Badauka lanik konjuruak egiten! [Ondoan adjektiboa balu bezala ulertzen da: lan handia edo zaila duela esan nahi da].
Entzuleen artean komentariorik izan zen [honelako esanahi batekin, adibidez: Entzuleen artean izan zen, bai, komentario ugari].
Bazenuen zereginik orduan [honelako esanahi batekin, adibidez: Hark ez, baina zuk bazenuen, bai, zeregina orduan].
ERABILERA OKERRAK [15. araua]
• Partitiboan doan izen-sintagmak artikulua eramatea (mugagabean behar du): *Ez dut lanarik egin (> Ez dut lanik egin).
• Sintagmak balio generikoa duenean, ezezko perpausetan partitiboaren ordez artikulua erabiltzea: *Ez dago papera (> Paperik ez da / Ez dago paperik).
• Pluraleko komunztadura egitea aditzarekin: *Ez dituzu lagun onik aurkituko (> Ez duzu lagun onik aurkituko). *Seme-alabarik ez ditut (> Seme-alabarik ez dut).
• Ezezko esaldietan, zalantza sor liteke partitiboa zenbatzaile zehaztugabe batekin doanean: Zein da egokiagoa, Ez dugu hainbeste arazo izan ala Ez dugu hainbeste arazorik izan? Askoz ere erabiliagoa da lehen moldea, eta hori da hobestekoa zalantzarik gabe.
• Ezezko perpaus predikatibo edo atributiboetan (IZAN aditza duten perpausetan) (→ atribuzio-perpausa: mugagabea eta mugatua), predikatu osagarrian normalean ez da erabiltzen partitiboa: *Zuek ez zarete ikaslerik (> Zuek ez zarete ikasleak edo Zuek ez zarete ikasle).
Artikulua
Krisialdiko erosketak
Legamia
(…) Sukaldearekin lotutako produktuen kasuan, berriz, irinaren eta legamiaren kontsumoak gora egin du nabarmen. Supermerkatuetan gari-irinaren salmenta eta legamiarena %200 inguru igo da eta zenbaitetan zaila bihurtu da produktu horiek eskuratzea. Antza, postreak, bizkotxoa edo ogia egitea oso gozagarria da guretzat. Sentimendu positiboak ekartzen dizkigu hazten ari den zerbait ikusteak eta, are gehiago, guk geuk eskuz egindako zerbait bada. Familian egin daiteke eta elkartu egiten gaitu. Konfinamendu garaiaren bakardadean, gainera, gozogintzari eta okintzari esker luxu edo kapritxoren bat izatea lortzen da.
Erosketa irrazional horien ondorioz, legamia lortzea zaila bihurtu da eta zenbait lekutan legamia lortzeko beste modu batzuk jarri dituzte idatzita hutsik dauden apaletan. Horren atzean, jakina, kimika dago -biologoen baimenarekin-. Etxean egindako legamia lortzeko nahikoa da 100 mL garagardo, irina eta azukre pixka bat jartzea. Horrela, garagardoan berez dauden legamiak -arruntena Saccharomyces cerevisiae- hazi egiten dira eta hauxe bera erabili daiteke ogia egiteko. Bide batez, beti erabiltzen dira legamia horiek; izan ere, ogia, garagardoa -eta ardoa, bide batez- egiteko legamia bera erabiltzen da. Beno, egia esan hori ez da guztiz egia; izan ere, garagardoa egiteko hainbat legamia mota erabiltzen dira eta, oro har, Ale motako garagardoa da Saccharomyces cerevisiae legamiarekin egiten dena. Ohar garrantzitsu bat, hori bai, ogia egiteko legamiak hazi nahi badira, artisau-motako garagardoa erabili behar da. Merkaturatzen diren beste garagardo gehienak pasteurizatu egiten dira -egonkorragoak izateko- eta hortaz, legamiak hilda daude jada. Etxean legamia egiteko modu gehiago ere badaude, baina, horietan ere kimika eta biologia pixka bat ezagutu behar dugu. Harritzekoa!
Josu Lopez-Gazpio
Zientzia kaiera