ERDAL FORMULAK EUSKARAZ (II)
Administrazioko hizkerak gogoko dituen formulek eta esapideek esaldi normalak ezkutatzen dituzte, nominalizazioen azpian. Formula horiek puztu eta luzatu egiten dute idazkia. Oro har ez dira beharrezkoak, eta ezinbestekoak badira, saiatuko gara euskaraz janzten. Hona hemen gehien erabiltzen direnak:
A tenor de… -(r)en arabera
A tenor de la afirmación del alcalde, las obras del polideportivo van a sufrir un retraso.
*Alkatearen esanaren / baieztapenaren arabera, kiroldegiko obrak atzeratu egingo dira.
Alkateak esan duenez, kiroldegiko obrak atzeratu egingo dira.
Con el argumento de…(r)en argudioarekin
Quieren renovar las aulas con el argumento del aumento de la matriculación por parte del alumnado.
*Ikasgelak berritu nahi dituzte ikasleen matrikulazio hazkuntzaren argudioarekin.
Ikasgelak berritu nahi dituzte, gero eta ikasle gehiago matrikulatzen baitira.
Gero eta ikasle gehiago matrikulatzen direnez, ikasgelak berritu nahi dituzte.
Gero eta ikasle gehiago matrikulatzen dira, eta horregatik berritu nahi dituzte ikasgelak.
Con el deseo de…(r)en nahiarekin
Un saludo, junto con mis deseos de una pronta recuperación
*Agur bat, laster sendatuko zarelako nahiarekin.
Ahalik eta lasterren sendatuko zarelakoan, agur t´erdi.
Artikulua
Emakumeen kode sekretua
Nushua K.o. III. mendean sortu zela uste da. Ordutik, belaunaldiz belaunaldi, sekretupean eta soilik emakumeen artean transmititu zen hizkuntza idatzia, Hunan probintzian bereziki, baina baita Txina hegoaldeko beste toki batzuetan ere. Emakumeek bakarrik ulertzeaz gain, nushua ez zen hitz egiten, soilik idazteko eta irakurtzeko kodea zen. Eta hala ere, ez da ia dokumentazio idatzirik geratu, eskuizkribuak erretzeko edo hildakoekin ehorzteko ohitura baitzuten, sekretua gordetzearren. Berreskuratu ahal izan den dokumentu batek hala dio: “Gizonezkoek kanpora irteteko eta munduari aurre egiteko adorea dute, baina emakumeon adorea ez da txikiagoa, haiek ulertu ezin duten hizkuntza asmatu baitugu”.
Duela 1.700 urte, Txinako emakumeak aitaren edo senarraren etxe barruan bizitzera behartuta zeuden, gizonezkoen autoritatearen mende. Ez zuten hezkuntza formala jasotzeko eskubiderik; irakurtzen eta idazten ikastea debekatuta zegoen haientzat. Egoera horri aurre egiteko euren hizkuntza asmatzea erabaki zuten. Mandarin hizkuntza instituzional eta hierarkikoaren aurrean, nushua emakumeentzat emozioen, ametsen eta desioen hizkuntza bihurtu zen.
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2088/emakumeen-kode-sekretua
https://eu.wikipedia.org/wiki/Nushu