Muga zedarritzea ez da askotan erraza, baina badira irizpide nagusi batzuk:
• Galdera irekietan, zer galdetzailea erabiltzea da egokiena:
Zer adin duzu?
Zer lanbidetan aritzen da ama?
Zer menditan izan zineten atzo?
Zenbatekoren esanahia duenean ere, zer da erabiltzekoa:
Zer indar du alderdi horrek gaur egun?
Zer pisu zenuen 18 urterekin?
Tenperatura 25 °C denean, zer presio dago galdaran?
• Era batera edo bestera zedarrituta daukagun multzo jakin batetik bat bereizi behar denean, zein da aukera egokiagoa:
Bi liburu hauetatik, zein (liburu) nahi duzu?;
Ikusi dituzun herrietatik, zein [herri] gustatzen zaizu gehien?
[Gipuzkoako] Zein herritan bizi zara zu?
[Nafarroako] Zein erregek gobernatu zuen...;
Zein irakaslek egin dute greba?
• Batzuetan, biak erabil daitezke, eta testuinguruak adieraziko digu aukeraren egokia:
Zer egunetan joan behar duzu mendira?
Zein egunetan joan behar duzu mendira [aipatutako horietatik]?
Zer kolore erabili da gehien?
Zein kolore erabili da gehien [aipatutako horietatik]?
Zer/Zein herritan bizi da Ane?
Gaur egungo hizkeran eta testuetan, behar baino gehiagotan zeinen aldeko gehiegizko lerratzea nabari da.
?Zein ordutan joaten zara eskolara? / Zer ordutan joaten zara eskolara?;
?Zein koloretakoa da hondoa? / Zer koloretakoa da hondoa?;
?Ez nekien zein musika aukeratu / Ez nekien zer musika aukeratu;
?Zein alde dago psikiatriaren eta psikologiaren artean? / Zer alde dago...
ZER, harridurazko perpausetan:
a) Izena bakarrik doanean, zer erabiltzen da: Zer etxea!; Zer zoriona, zer goxotasuna, zer bakea! (#Zer zorion, zer bake?)
b) Izena eta adjektiboa edo adjektibo soila doazenean, berriz, baliokide dira zer eta zein(en): Zer etxe handia! / Zein(en) etxe handia!; Zer polita! / Zein(en) polita! (*Zer polit). (→ zer)
AHOSKERA (→ ze/zer; ze/zeren/zein)
Artikulua
Maitasunaren hizkuntza
Zer moduz moldatzen zara frantsesarekin? Ari zara aurreratzen? Nik baietz, beti. Eta egia da, e. Klasean zoragarri moldatzen naiz: egiten ditut nire ahozko txukun-txukunak, azterketak ere elegante. Gainerako atzerritar ez-frankofonoekin komunikatzeko orduan ere erreminta bikaina da, zubi bakarra azken finean. Hori bai, hasten direnean frantsesak haien artean hizketan... komeriak. Azkar deskonektatzen dut; ez dut ulertzen, eta kitto. Baina noski, niri ere frantsesez zuzentzen zaizkit; nola bestela? Inozoa dirudit; maitasunaren hizkuntza izango da, baina edozein elkarrizketa informaletan, desenkanto totala eragiteko baino ez dit balio niri frantsesak. Hogei segundo hitza bilatzeko, bost konturatzeko ez dudala ezagutzen/gogoratzen, beste bost alternatiba onargarri bat bilatzeko, eta hurrengo hogei minutuak damutzeko erabili dudan hitzaz, ahoskapen ia totelari ehun buelta eman, eta berriro hasteko.
Ikusi nuen aurrekoan meme bat, Sofía Vergararena. Ez nuke sekula esango, baina identifikatuta sentitu nintzen. Oso. “Do you know how smart I am in Spanish?” Halako zerbait zioen, eta ageri zen bera, oso haserre bere familia anglofonoari zuzentzen zitzaiola. Eta horixe da sentitzen dudana beti, beti. Nire puntu fuertea inoiz ez da izan espontaneotasuna, txispa hori. Nirea sakontasuna izan da, badakizue: elkarrizketa interesgarriak bai, baina ez minutu erdikoak; horiekin sekula ez naiz oso ondo moldatu. Baina noski, euskaraz. Asko jota, gaztelaniaz. Ba orain, imajinatu: nire bat-batekotasunerako inkonpetentzia naturala, gehi ondo ezagutzen ez dudan hizkuntza batean moldatu beharra. Maitasunaren hizkuntza desenkantoaren hizkuntza bihurtzeko errezeta aurkitu dizuet, lagunok.