ADITZA AURRERATZEA
Esaldi luzeetan, askotan gertatzen zaigu aditza gehiegi atzeratzen dugula, eta horrela esaldia bukatu arte ezin dugu informazioa prozesatu. Hori oztopo da komunikaziorako. Kasu horietan, hobe da aditza aurreratzea.
- DBH 4. mailako ikasle guztien noten behin-behineko zerrendak gaur argitaratuko dira.
- Gaur argitaratuko dira DBH 4. mailako ikasle guztien noten behin-behineko zerrendak.
- XXI. mende honetan, eskolako teknologien garapenenan izan ditugun aurrerapenak handiak izan direla ezin dugu ukatu.
- Ezin dugu ukatu handiak izan direla XXI. mende honetan eskolako teknologien garapenean izan ditugun aurrerapenak.
- Ikastaro horretako txostengileak Irigoien, lertxundi, Atxaga eta ospe handiko beste hainbat idazle izango dira.
- Ikastaro horretako txostengile izango dira: Irigoien, Lertxundi, Atxaga eta ospe handiko beste hainbat idazle.
- Azterketariek, administraziora sartzeko hauteketa-prozesuetan, autonomia-erkidegoko edozein hizkuntza ofizial erabiltzeko aukera izango dute.
- Azterketariek aukera izango dute autonomia-erkidegoko edozein hizkuntza ofizial erabiltzeko administraziora sartzeko hautaketa-prozesuan
Etxetik metroa hartzera noala, 79 kaleko geltokian, goizero ikusten dut gizon bat. Broadway etorbideko bi norabideen arteko irlan egoten da, zebra-bidearen erdian, bere bostean berbetan. Etxerik gabekoa da, homeless-a. Keinuak egiten ditu, garrasika ere hasten da batzuetan, baina ez da inorekin sartzen. Hantxe igarotzen du eguna eta gauez han ondoko atari batean egiten du lo.
Haatik, gizon hura ez da New Yorken bere buruari hitz egiten dion bakarra. Oinezko andana ikusten ditut nik bakarrizketan, espaloian oinez egiten duten bitartean. AirPod izeneko gailuei esker. Oso modan daude hemen. Aurikular txikiak belarrietan jarri eta telefono elkarrizketak izaten dituzte, keinuak eginez horiek ere. Bai, badakit ohitura txarra dela, baina semaforoan horrelako bat geldituz gero, entzuten egoten naiz. Kuxkuxeroa naiz eta zer egingo diogu. Normalean laneko ajeak izaten dituzte mintzagai, etxekoak ere bai, noizbehinka. Orohar, gezurra izaten da nagusi. Esate baterako, non dauden galdetuz gero beti esango dute beste kale bat. "42. Kalean nago", diote, 34.ean egonda. Behin, MoMA arte garaikidearen museoan nengoela, komunean hain zuzen ere, AirPodak zeramatzan gizonezko bat sartu zen barrura. Eta kalakan jarraitu zuen inolako etenik eta lotsarik gabe. Komuneko bonba ere bota zuen, lasai asko.
Nik ez dut AirPodik baina bakarrik hitz egiten jaioa naiz. Ama entzuten nuen bakarrizketan txikitan eta neuk ere ekandu bera hartu nuen. Badiote adituek ona dela, halaxe irakurri berri dut behintzat egunkarian, nor bere buruarekin bakarrik berba egiteak ideiak hobeto antolatzen laguntzen dizula. Duela gutxi, seme txikiak galdetu zidan ea bakarrik hitz egiten dudan. Nik baietz esan nion, egia, seme-alabei gezurrik esatea ez baitago. "Bada, nik ere bai" bota zidan berak, familiako ohiturari jarraipena emanez.
Egia esan, AirPoden moda honekin liberatu egin naiz. Lehen etxean baino ez nuen bakarrik hitz egiten. Orain, animatu egin naiz eta kalean ere neure bostean hitz egiten dut. Ze axola. Usteko dute neuk ere gailuak ditudala eta kito. Baina kontua ez da hor bukatzen. Lagun batek behin esan zidan bakarrik hitz egitea ez dela txarra berez, zeure buruari erantzuten hasten ez bazara. Hori eromenaren atarikoa omen da. Ai ama. konturatu naiz nik hori ere egiten dudala, neure buruari hitz egin eta erantzun, alegia. Bi-biak. Ezta Kirmen? Bai, halaxe da.
Kirmen Uribe
Berria