Plural okerrak
Batzuetan, erdararen eraginez edo, gehiegitan erabiltzen da plurala singularra nahikoa den tokian. Har dezagun adibide bat: "gogoak ditut zurekin afaltzera joateko".
Bistan da, gaztelaniaren "tengo ganas" delakoaren kalko okerra dela hori. Nahikoa da "zurekin afaltzera joateko gogoa dut" edo "zurekin afaltzera joateko gogoz nabil" esatea.
Ikus ditzagun beste adibide batzuk:
- *"Baditugu hori lortzeko itxaropenak" "Badugu hori lortzeko itxaropena"
- *"Baditugu hori lortzeko asmoak" "Badugu hori lortzeko asmoa"
- *"Zeruak estalita egon ziren atzo" "Zerua estalita egon zen atzo"
- *"Gogoak ditut zurekin afaltzera joateko" "Zurekin afaltzera joateko gogoa dut"
Pasartea
“Nahiz eta nik neure bihotza zabaldu, badakit hori ez dela nahikoa; konprenitzen dut urrun dauden bihotz eta gorputzen maitasuna antzua dela, gezurra dela, amodiozko gutunak faltsuak diren bezala.
Konprenitzen dut ez dela posible elkar inguratze espiritualik inguratze fisikorik ez bada, hitz batean esanda, konfiantza proximitatea da, eta maitatzea hurbiltze amaigabe bat.
Baten larruak bestearena igurtzi duenean, arnasak nahasten direnean, odolak odolari entzuten dionean, farrak akorde baten gisa sortzen direnean, malko guztiak hibaiama berberan kanalizatzen direnean, orduan, orduntxe bertan, jaten du bihotz batek bestea, ongi konprenitu dut egia honen zientifikotasuna, nik asko pentsatzen dut, ni ez naiz edonor”.
Ziutateaz I
Bernardo Atxaga, 1977