EGIN indartzailea
Askotan ez dugu asmatzen EGIN aditzarekin. Indartzaile gisa erabiltzen dugu behar ez denean.
Bi kasu hauetan sobran dago:
Ohitu egin gara lanpostu berrian.* Denboraren poderioz moldatzen joan egin gara.
*Hasteko esan behar dut filma izugarri gustatu egin zaidala. Oso gustura ikusi dut.
Noiz erabili behar da?
Eman dezagun partida bat jokatzetik datorren lagun batekin egiten dugula topo eta ea zer egin duten galdetzen diogula. Normalean honela erantzungo liguke:
Zer egin duzue? Irabazi egin dugu / Galdu egin dugu.
Erantzuna hau ere izan daiteke: Irabazi / Galdu . Galdegaia aditza bera baita.
Beraz, galdegaia aditza bera denean, EGIN erabiliko dugu perpausaren aditz nagusi gisa, eta beste aditzaren (galdegaia) atzean kokatuko dugu:
Non dago Jon? JOAN EGIN da (galdegaia: JOAN)
Ikus ditzagun beste adibide batzuk:
Non dago ispilua? APURTU EGIN da.* Apurtu da.
Ez dut erosi. ALOKATU EGIN dut. *Alokatu dut.
Jon ez dago. Joan EGIN da. *Joan da.
Azkenean APURTU EGINGO duzu. *Azkenean apurtuko duzu.
PASARTEA
(…) Eta pentsatu dut zein fama txarra duen bakartasunak gure gizartean.
Zenbateko beldurra diogun. Eta iruditu zait gehiago landu beharko genukeela.
Neska mutilei gaztetatik erakutsi bakoitzak baduela halako erresuma bat non
bere buruarekin topo egiten duen, badagoela halako erresuma bat zeinetan
gustura sentitu daitekeen bere buruarekin. Ez dela derrigorrezkoa beti jendez
inguratuta egotea. Gizaki sozialak garela, bai, eta jendea behar dugula, baina
garrantzitsua dela baita ere bakoitzak bere bakardadea lantzea. Bakarrik egoten
jakitea. Bakarrik egoten gozatzea. Bakardadea aukeratu ahal izatea nahi dugunean
horregatik gaizki sentitu gabe.
Bakardadeak eragiten digun deserosotasunaren adibide bat: taberna batean norbaiten
zain gaude eta berandutzen bada, zerbait egitera behartuta sentitzen gara. Lehen
egunkaria hartzen genuen, orain poltsikoan daramagun telefonoa. Bakarrik, ingurura
begira, eta pentsatzen egotea ez omen da oso erosoa guretzat. Bakoitza bere bakardadean
lasai egotea ez omen dago oso ondo ikusia (…)
Karmele Jaio