EGUNEROKO AKATSAK
Ez dira egokiak gero eta sarriago entzuten diren honako esaldi hauek eta antzekoak:
*Asko gorrotatzen naiz………Asko gorrotatzen dut neure burua.
*Sarritan ikusten gara egoera horretan……..Sarritan ikusten dugu geure burua egoera horretan.
Dena dela, batzuetan, aditzak nor jokoa ere (da) onartzen du, orraztu, garbitu, aurkitu eta antzeko aditzekin:
Orraztu naiz / Garbitu naiz / Bakarrik aurkitzen naiz.
Baina okerrekoak dira beste hauek (aditzak du behar du):
*Garbitu zara aurpegia?.......Garbitu (al) duzu aurpegia?
*Galtza berriak erosi naiz…..Galtza berriak erosi ditut.
*Apunteak etxean ahaztu naiz……Apunteak etxean ahaztu zaizkit/ditut.
PASARTEA
Askotan, liburuak irakurtzean, pasarte batzuekin gelditzen gara, eta zer pentsatua
ematen digute. Hau da horietako bat, “Giltzurrun-harriak” liburutik jasotakoa. Milena
Agus da idazlea, eta itzultzailea Fernando Rey.
“Gure amonak, zaharra zela ohartu zenean, heriotzari beldurra ziola esan zidan.
Ez heriotzagatik beragatik, lo gelditzea edo bidaia batera joatea bezalakoa
izan behar baitzuen bere ustez, baizik eta ongi zekielako jainkoa haserre
zegoela berarekin: Jainkoak gauza eder asko eman zizkion mundu honetan,
eta berak ez zuen lortu zoriontsua izaterik, eta Jainkoak hori ezin zion barkatu.
Egia esanda, benetan erotua egotea espero zuen, zeren, burutik ongi baldin
bazegoen, segurua zuen infernua. Hori bai, infernura joan baino lehen, Jainkoari
arrazoibide batzuk eskatuko zizkion. Argi utzi behar zion Hark pertsona bat modu
batekoa sortzen bazuen gero ezin zuela espero halakoa ez balitz bezala jokatzea…”
________________________________________________
"Ez dut Jaungoikoarengan sinisten, baina bildurra diot"
Gabriel García Márquez, El amor en los tiempos del cólera