Diptongoz (-ai, -ei, -oi, -au, -eu) bukatzen diren izenen deklinabidea
1. Oro har, bokalez amaitzen diren gainerako izenak bezala deklinatzen dira diptongoak.
Adibidez: arau, araurik, arauri, arauren,arauz(ko), arautan, arautako, arautatik, arautaramugagabean, eta arauan, arauko, arautik, araura singularrean (*arauean, *araueko,*arauetik...). Horrela deklinatzen dira hitz hauek ere: barau, kristau, eskribau, garai, etsai, lasai, etab. Hortaz, *jarraiean eta *hogeiean, esaterako, ez dira zuzenak (> jarraian, hogeian); (*nahiean ere ez da zuzena (> nahian), berez diptongoa ez izan arren, diptongo modura ahoskatzen baita, eta beste bi horien erara oker esaten).
2. Lau zenbatzailea salbuespena da izenordain funtzioa duenean eta pluralean doanean(→ zenbaki kardinalak; → lau (4) eta hiru (3) zenbakiak). Baina izena denean, bokalez amaituak bezala deklinatzen da: lauan, lautik, lauko, laura... (*lauean, *lauetik, *laueko,*lauera...; eta berdin hauek ere: *hamalauean, *hogeita lauetik...). *Abuztuaren lauean izango da (> lauan).
3. Bestela, beste bi salbuespen daude:
a) gau hitza, honako singularreko kasu hauetan:gauez, gaueko, gauetik, gauean (*gauz, *gauko, *gauan...) (→ gau).
b) Monosilaboak izanik kasu instrumentalean doazenak: deiez, gaiez, jaiez, seiez... (*hainbat gaiz hitz egin). [29. araua, «Diptongoz bukatzen diren izenen deklinabidea»]
Kontuan hartzekoak dira, beste bi gorabehera hauek ere:
- w letraz eta y letraz amaitutako erdal hitzen deklinabidea: u eta i letraz bukatutako hitzak bezala deklinatzen dira. (→ y letra (i grekoa); → w letra (uve bikoitza))
- Diptongoz amaitutako izen bereziak izen arruntak bezala deklinatzen dira: Unaik, Ibaik, Hodeik, Zelaik, Deik (NORK kasua)... Unairi, Ibairi... (NORI kasua)...
Landare itsutasuna
Amaiak zelaiko loreak ez ezagutzea ez da gauza arraroa. Hala diote, behintzat, ikertzaileek. Eta izena ere jarri diote mundu mailan gertatzen ari den fenomeno horri: Plant blindness-a edo landare itsutasuna. Ez ditugu landareak ezagutzen, baina hori gutxi balitz, ikusi ere ez ditugu egiten. Bizitza osatzen duen atze-oihala bezalakoak dira. Hor daude, baina ikusezinak dira guretzat eta ez diegu baliorik ematen. Landareekiko itsutasuna dugu. Ikerketen arabera, horrek ondorio larriak izan ditzake. Ez soilik naturarentzat, baita gure osasunarentzat ere. Landareak inguratzen gaituen biodibertsitatearen parte dira, bizitzaren eta gizakiaren ongizatearen oinarrietako bat. Ez ezagutzeak, balioa ez emateak, horien kontserbazioa zalantzan jar dezake. Begiak zabaldu beharrean gaude, itsutasunean ez galtzeko.
Esan bezala, mundu mailako fenomenoa da landare itsutasuna, baina Euskal Herrian ere ezagutzen dugu. Aranzadi Zientzia Elkarteak eta EHUk elkarlanean eginiko ikerketa batek hala adierazi zigun. Kosta egiten zaigu inguruan ditugun landare arruntenei izena jartzea. Euskal Herriko 12 urteko mila ikaslerekin egindako azterketak hori ondorioztatu zuen. Batez beste bost landare izen baino ez zituzten izendatu ikasleek, eta landareekiko interesa, animaliekiko ez bezala, txikia da oso.
Mikelen amonaren kasuak ere badu adibiderik gurean. 2012-13an Hernanin egindako landare izenen bilketa lan batean, Burbunak eta Etsayak proiektuan, elkarrizketaturiko hamar adineko lagunek, batez beste, 68 landare belarkara izendatu zituzten (zuhaitzak eta zuhaixkak kontuan izan gabe). Guztiak etxean ikasitakoak eta etxe ingurukoak ziren. Elkarrizketatuek bertako izenarekin eman zituzten denak, bai eta horietako askoren loraketa garaia aipatu, edota ematen zaion erabilera azaldu.
Gizartea ez ezik, bizi garen eremua ere urbanizatu egin baita, eta bertako landareek protagonismoa galdu dute gure egunerokoan. Lorategietako belarra maiz mozten dugu, eta kanpoko landareak landatu ditugu bertakoei hazteko denbora eman gabe. Zentzurik baduen ere pentsatu gabe, agian. Estetika deitzen diogu. Baina, nork markatzen du estetika?