BALDINTZA II
Baldintza eta kontrastea
Hiztun batzuek kontrastea adierazteko erabiltzen dute baldintza. Ez da egokia halako erabilera:
*Gaur eguraldi ona egin badu, bihar eguraldi traketsa izango dugu.
Kontrastea adierazteko halakoak erabil ditzakegu:
Gaur, eguraldi ona egin du; bihar, (aldiz,) eguraldi traketsa izango dugu.
Beste adibide batzuk:
*Gasteizko biztanle-kopuruak gora egin badu, Donostiakoak behera egin du.
Gasteizko biztanle-kopuruak gora egin du, eta Donostiakoak (, berriz), behera.
Gasteizko biztanle-kopuruak gora egin du; Donostiakoak (, berriz), behera.
*Lehen politikak agintzen bazuen, orain merkatuak agintzen du.
Lehen politikak agintzen zuen; orain (, ostera), merkatuak agintzen du.
EHULKU
Baldintzako ariketak, nahasian: http://euskaljakintza.com/ariketak/aditza/orokorrak_2.htm
Artikulua
Sacamantecas
1881eko maiatzaren 11n, goizeko zortzietan, Juan Diaz de Garaio Ruiz de Argandoña orga batean eraman zuten Judimendiko bolborategira. Han zegoen urkatokia. Garai hartako aldizkariek diotenez, 10.000 lagun inguru bildu ziren bertan, exekuzioa ikusteko. Garrotez hil zuten Sacamantecas. Gorpua, ohikoa zen bezala, ilunabarrera arte ikusgai egon zen, Judimendin.
Hogei mila biztanle inguru zituen Gasteizek 1870. hamarkadan. Gerrek, epidemiek, goseteek eta pobreziak utzitako giroa nahastu egiten zen bizitza kultural eta intelektual aberatsa zuen hirian. Testuinguru horretan jazo ziren Juan Diaz de Garaioren hilketak.
Egilazen jaio zen Diaz de Garaio, 1821ean, nekazarien familia batean, eta gaztetatik morroi eta jornalari bezala lan egin zuen. Lau aldiz ezkondu zen eta hiru aldiz alargundu zen. 1870ean egin zuen, ustez, lehen krimena, eta 1879an atxilotu zuten.
Gasteizen, 70eko hamarkadan, gutxienez hamasei emakumeren hilketa izan ziren, baina Diaz de Garaiori soilik sei hilketa egitea leporatu zioten, eta azkenean bi hilketarengatik epaitu eta hil zuten. Horren ondoren, susmoa piztu zen imitatzaileak ote zituen; are gehiago, Garaiok onartu zuelako bere biktima bati tripak atera zizkiola Sacamantecas-ek egina zela pentsa zezaten.
Testu hau Arabako Aleak argitaratu duen erreportajearen zati bat da.
Santxo el Sabio Fundazioan, abenduaren 1era arte
Ahotsak.eus
Amezketako Teresa Tolosak kontatzen digu nola txikitan esaten zieten Sakamantekasek umeak zakuan sartuta eramaten zituela, eta gero organoak kentzen zizkiela.