BARNE
Hiztegi batuak txartzat jotzen du –EN BARNE EGON, eta –EN BARNEAN EGON proposatzen du:
*Jardunaldien barne, hitzaldia izango da gaur.
Jardunaldien barnean, hitzaldia izango da gaur.
*Proiektuaren barne, ondorengo baliabideak dituzu eskura.
Proiektuaren barnean, ondorengo baliabideak dituzu eskura.
*Liburuak bere barne hartzen ditu honako gai hauek ere.
*Liburuak barne hartzen ditu honak gai hauek ere.
Liburuan barnean hartzen ditu honako gai hauek ere.
Egoki da barne, hala ere, aposizio gisako egitura hauetan:
Jesusek deitzen ditu gizon guziak, tippienak ere barne.
Jokabide hau desegokitzat jotzen dute gehienek, Mitxelenak barne.
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
POESIA
Bizikletaz
Heldu eskutik,
goazen bizikletaz hondartzara,
ekarri arrosa koloreko kometa,
ekarri pintura eta koadernoak.
Goazen pintatzera lakuak,
herensugeak, tximinia duten etxetxoak.
Margotu dezagun etorkizuna,
egin ditzagun figurak harean,
hitz egin dezagun zeruari begira,
hitz egin dezagun koloreei buruz,
irribarreez, malkoei buruz, libertateaz.
Eta egin dezagun mundu berri bat
marea igo baino lehen,
mundu berri bat hareazko figurez
eta marrazturiko pinturez.
Atondu orrialdeak eta harea,
eta itxoin dezagun atzean eta
begira dezagun itsasoa aitzinatzen,
ezarian-ezarian gerturatzen.
Eta ikusiko dugu nola olatuek
gure mundua itotzen duten,
baina gu triste jarriko ez garenez
itsasoak atzera egingo du
eta bihar berriro hondartzara
itzuliko gara bizikletaz.
Behin bakarrik bada ere,
heldu eskutik,
goazen bizikletaz hondartzara.
Beñat Sarasola
Irudia: Barrel On
Artikulua
Euskañola bultzatu behar al dugu?
Gai polemikoa izan daiteke…
Euskañolaren bidez gaztelaniak euskara «jango» duen beldurra aipatu du Ibarrak, hizkuntza degradatu edo hondatuko den. «Horregatik, irakasleak hizkuntza bakar eta batean mintzarazten saiatzen dira». Baina kalean, goizeko hiruretan, «lagunenganako keinu gisa» nahasten dira hizkuntzak. «Egon naiz arratsalde osoan con la mantita» esaldia aipatu du Ibarrak, adibide gisa. Ez da ezintasuna: hiztunak badaki hori euskaraz esaten, baina «esandakoari indarra emateko, identitatea markatzeko eta laguntasuna adierazteko keinu bat da». Gazteak taldearen partaide sentitzen dira hori erabilita. Euskañola ez da, beraz, sasi-hizkuntza bat, baizik eta erregistro bat.
De Bruinen arabera, ikerketaren emaitzak inplikazio praktikoak ditu, hezkuntzarako. «Mentalitatea aldatu beharko genuke: hizkuntzen artean jauzi egiteak ez du esan nahi unean erabiltzen dena ez dakitela. Guztiz naturala da nahastea, eta agian bi hizkuntzak ez genituzke erabat banandu behar ikasgeletan».
Duñabeitiak argi utzi nahi du: «Guk ez dugu hizkuntzak horrela erabiltzea bultzatu nahi, baina orain badakigu nahastea positiboa izan ahal dela, gizartearen isla dela, eta, agian, eskolara eraman beharko litzatekeela. Bada garaia hizkuntza nahastea ez zigortzeko». Hizkuntzentzako «konpartimentu estankoak» sortzea ez da batere ona, ikertzailearen arabera. «Gizarte elebidun bat lortzeko, amankomuneko esparruak topatu behar dira hizkuntzak erabiltzeko». Euskararen ezagutzaren eta erabilpenaren artean dagoen arrakalari begiratuta, agerian geratzen da «agian euskaraz egiteko esparru amankomunak ez ditugula topatu».
https://www.berria.eus/paperekoa/1946/038/001/2018-09-21/euskaolaren_psikolinguistika.htm
Edu Lartzaguren
Berria
Euskararen transmisioaren etena