HITZ IRAGARLEAK (I)
Euskaraz, askotan, zenbait giltza-hitz esaldiaren atze-atzean gelditzen zaizkigu, hain zuzen ere, mezua lehenengoan interpretatzen laguntzen dizkigutenak. Horrelakoetan, esaldia oso-osorik irakurri arte itxaron behar izaten du irakurleak esanahiaz jabetzeko. Erreparatu, adibidez, ondoko esaldi honi:
Ø Egia da langileen % 5,64k ez duela inolako hizkuntza-eskakizunik egiaztatu, 86/1997 Dekretuak xedatutako lanpostuaren derrigortasun-data aspaldidanik gaindituta EGON ARREN.
Zer egin menpekoa hain luzea bada? SEMAFORO moduko bat jarri: HITZ IRAGARLEA
Ø Egia da langileen % 5,64k ez duela inolako hizkuntza-eskakizunik egiaztatu, NAHIZ ETA 86/1997 Dekretuak xedatutako lanpostuaren derrigortasun-data aspaldidanik gaindituta egon.
Trebakuntzako ariketa-liburua
Iñaki Varona eta Karmele Oria
HITZ IRAGARLEAK (II)
Euskaraz, askotan, zenbait giltza-hitz esaldiaren atze-atzean gelditzen zaizkigu, hain zuzen ere, mezua lehenengoan interpretatzen laguntzen dizkigutenak. Horrelakoetan, esaldia oso-osorik irakurri arte itxaron behar izaten du irakurleak esanahiaz jabetzeko. Erreparatu, adibidez, ondoko esaldi hauei:
Alegia / hots / hau da
Enpresa handiak; enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak.
Enpresa handiak, hots, enpresa txiki eta ertainen definiziotik kanpo geratzen direnak
Hain zuzen ere
Beste pertsona batzuen errendimenduak ere aintzat hartu ahalko dira, eskatzailearekin etxebizitza berean bizi eta prestazioen onuradun izan litezkeen pertsonenak.
Beste pertsona batzuen errendimenduak ere aintzat hartu ahalko dira, hain zuzen ere eskatzailearekin etxebizitza berean bizi eta prestazioen onuradun izan litezkeen pertsonenak.
Izan ere, zeren (eta)
Nekazari gazteei eta emakume nekazariei laguntza oso era erabatekoa emango die, Dekretuak talde horiek sustatzeari lehentasuna eman nahi baitio.
Nekazari gazteei eta emakume nekazariei laguntza oso era erabatekoa emango die; izan ere, Dekretuak talde horiek sustatzeari lehentasuna eman nahi dio.
Harik (eta)…arte
Ezin izango da beste nomina-aurrerapenik eman, lehenagotik hartutako antzeko konpromisoak guztiz kitatu arte.
Ezin izango da beste nomina-aurrerapenik eman, harik eta lehenagotik hartutako antzeko konpromisoak guztiz kitatu arte.
Trebakuntzako ariketa-liburua
Iñaki Varona eta Karmele Oria
Artikulua
OSOTASUNA
Unibertsoaren azken oinarri gisa ere ulertua izan da zentzua, ikusiko dugu, baina sarritan gertatzen zaigu eguneroko bizitzako zeregin zehatzei zentzua aurkitzen diegula, eta bizitzaren osotasunari aldiz ez, eguneroko zereginen zentzu horiek ezerezetik zintzilik baleude bezala. Zentzua aurkitzen diogu esnagailua ipintzeari, ikastetxera garaiz iristeko tranbia hartzeari, gradua ikasteari, lana bilatzeari… Baina maite ditugunak oro hilko dira. Gero, gizateria, Lurra eta Esne Bidea ere desagertuko dira. Nondik nora hau guztia, zertarako? Zenbat eta osoagoa perspektiba, orduan eta problematikoagoa zentzua.
Azurmendik dioenez, auzia halaxe ageri zaigu dagoena, Schopenhauerrek bezala, soilik razionalki aztertuz gero. Dena den, gizakiak, oro har, nahiago izaten du zentzuren batean sinetsi erabateko absurdoa onartu baino, irensgaitza baitzaio errealitatearen krudelkeria bere gordinean. Abere neurotikoa da gizakia eta azalpenak behar ditu, nolabaiteko koherentzia, aurreikuspenek lasaitzen dute, tenporek, astrologiak, erlijioak, psikologiak, beti bete izan omen diren eta beteko omen diren lege fisikoak. Errealitate kosmikoak behin eta berriz erakusten badigu ere funtsean ez duela ez gurekin ez gure kontzeptuekin zerikusi handirik, hala ere heldulekuak bilatzen ditugu, zentzuak, partekatzen ez dituenari munduko zentzurik absurdoenak irudi dakizkiokeen arren.
Joxe Azurmendi eta bizitzaren zentzua 1
Markos Zapiainek Joxe Azurmendi filosofoaren testuak aztertu ditu bere blogean. Patxadaz irakurri, merezi du eta.