IZAN ERE + bait-?
Egoki da izan ere lokailuarekin bait- menderagailua erabiltzea? Euskaltzaindiaren Orotariko Euskal Hiztegiko kasurik gehienetan izan ere bakarrik ageri da, eta halaxe erabiltzea gomendatzen da. Partikula horren aurretik, gutxienez puntu eta koma jartzen da (eta sarritan puntua). Ondoren, beti jarri behar dugu koma.
Ez da, beraz, forma zuzena:
Pazientzia izan beharko duzu berarekin; *IZAN ERE, beti izan BAITA horrelakoa.
Bai, ordea, beste hau:
Pazientzia izan beharko duzu berarekin; IZAN ERE, beti izan DA horrelakoa.
edo
Pazientzia izan beharko duzu berarekin. IZAN ERE, beti izan DA horrelakoa.
“Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak” Patxi Petrirena
Pasartea
“Louit txokolate tableta batean presio eltze bat tokatu zitzaigun, teknologiaren puntaren punta eta igande batean egin genuen froga, ama etxean zegoelako. Bete genuen eltzea argibide orriari arretaz jarraituz, jarri genuen tramankulua sutan eta zain gelditu ginen, sukaldean. Eltzea txistu luze eta sarkor bat egiten hasi zen arte, lurrun artean. Korrika irten ginen guztiok sukaldetik ihesean eta trantsitoan gelditu, txapari urrutitik begira, amak ontzia harraskan jarri zuen arte. Orduan isildu zen txistua. Izebak esan zuen ez ziola tramankuluari abantailarik ikusten, berak uste zuela inolako surik gabe funtzionatuko zuela eta total, txapa beti izaten genuela piztuta eta berdin zitzaiola eltzea zenbat denbora egongo zen bertan. Ez genuen sekulan eltze hura berrerabili”.
Arantza Urretabizkaiaren “Zuri-beltzeko argazkiak” liburutik jasoa.