"Euria hasi da" edo "Euria hasi du"?
“Euria ari du” edo “Euria ari da?
Atzoko Berrian, hau zioen Joseba Aurkerenak
Euria ari du esaten dugu. Ari horrekin, nor edo nor-nori erabiltzen da, baina fenomeno atmosferikoak salbuespena dira. Hor badago subjektu eliptiko bat; Egu edo Ortzi da hori sortzen duena. Beraz, Euria ari du: nork? Eguk edo Ortzik. Bestalde, izadiaren elementuak jainkozkotzat hartzen dira. Elementu horiek bizirik baleude bezala erabiltzen dira, eta, benetan, bizirik daude euskal ikuspegi zaharraren arabera.
Iraleren euskara zerbitzuaren ustez, biak dira zuzenak.
Beraz, euria hasi da eta elurra ari da ere izan dira eta badira euskaraz; adibide guztiak.
Artikulua
Euria ari du. Gogotik.
Gizonezko trajedun bat aterkia zabaltzen saiatzen ari da, arropa denda baten erakusleihoaren magalean. Urduri dago. Bilera garrantzitsu bat dauka, eta ez da batere itxurosoa mela-mela eginda iristea. Aterkiak, baina, ez dizkio gizonezkoari gauzak erraztu nahi, eta behin eta berriro trabatzen da, bere eginbeharra bete nahiko ez balu bezala, zerutik datozen tanta potoloei bekoz beko begiratu nahiko ez balie bezala. Gizonezko trajedunak irabazi du, azkenik, borroka. Haatik, garaipen eskasa izan da berea, haizeak, aterkien berezko etsaia izanik ere, honen alde egin baitu behingoagatik.
Euria ari du. Gogotik. Emakume edadetu bat plastikozko poltsa bat bilatzen hasi da zorroan, atariko babesa utzi gabe. Azkenik aurkitu du bilatzen ari zena, kostata, eta ez soilik zorroa behar ez dituen gauzez beteta dagoelako, ezpada plastikozko poltsa kopurua ikaragarri murriztu delako supermerkatuen politika berriei esker. Eta behin plastikozko poltsa aurkitu duenean, berau buruan jarri du, eta ataritik atera da, pozik, poltsaren patu umelari ezaxola, bere txano egin berriak edertzen duela sinetsiko balu bezala, txapela buruan eta ibili munduan esaera eraldatu izanak burua tente eramateko parada emango balio bezala. Ez du, baina, luze iraun pozak. Izan ere, haizeak, plastikozko poltsen areriorik behinena izanda ere, honen alde egin baitu gaurkoan.
Euria ari du. Haizeak barre egiten du.
Xabier Etxaniz Rojo
Musika