"Bart"
Ikas dezagun gaurko ariketa honekin "gaur gauean" eta "bart" bereizten, ez baitira gauza bera!
"Bart" hitzak igaro berri dugun gaua adierazten du, eta ez hemendik ordu batzuetara, gaurko eguna bukatzean, iritsiko den gaua.
Beraz, "gaur gauean ondo lo egin dut" esaldiak ez du zentzurik, oraindik ez bainaiz oheratu.
Halaxe da. "Gaur gauean" esaten badut, aditza geroaldian ipini beharko dut: "gaur gauean ondo lo egingo dut", oraindik ez baitut lorik egin. Eta, alderantziz, goizean jaiki, eta, gau horretan ondo lo egin dudala esan nahi badut, orduan "bart" erabiliko dut. Alegia, "bart ondo lo egin dut", edo, baita ere, "bart arratsean" edo "bart gauean ondo lo egin dut".
+ "Bart ondo lo egin dut"
- * "Gaur gauean ondo lo egin dut"
HABEko Ikasbiletik jasoa
ARTIKULUA
Donostiako BCBL ikerketa-zentroan bertsolarien burmuina ikertu nahi izan zuten: helburua da jakitea zer gertatzen den haien burmuinean bertsoak botatzean; izan ere, segundo batzuk baino ez ditu bertsolariak gaia entzuten duenetik kantatzen hasten den arte: ideia bat garatu, oinak bilatu, bukaera pentsatu…
Horri buruzko erreportajean bitxikeria bat aurkitu dugu: nola antolatzen ditu Andoni Egañak ideiak, nola gordetzen ditu memorian?
“MIGUEL AROCENA; BCBLko gerentea: Andoni Egañarekin izandako elkarrizketa batean, kontatu zigun nola biltzen dituen hitzak bitxilorearen irudi horretan,non petalo bakoitzean errima bereko hitz-kategoria desberdinak biltzen baititu. Errima bakoitzeko bitxilore bat dauka. Bitxilorearen erdialdean, edozein egoeratan erabil daitezkeen hitzak daude; eta petalo bakoitzean, berriz, hitzak semantikoki ordenatuta: maitasunaren petaloa, lagunen petaloa, lanaren petaloa…”