OSO eta GUZTI
OSO zenbatzailea, oro har zatigarriak diren gaiekin bakarrik erabili daiteke.
GUZTI, ordea, zatiezinak diren gaiekin erabili behar da.
*Esne OSOA edan behar duzu. Esne GUZTIA edan behar duzu.
*Ur OSOA amaitu da. Ur GUZTIA amaitu da.
*Denbora OSOA dago ikasten. Denbora GUZTIA dago ikasten.
*Zegoen azukre OSOA bota diot. Zegoen azukre GUZTIA bota diot.
Tarta OSOA jan dugu.
Liburu OSOA irakurri behar dugu; ez atal bat.
Ikasgai OSOA ikasi dut; baita adibideak ere.
Euskal Gramatika Osoa. Entzi eta Ilari Zubiri
_______________________________________________________________________
OSO eta GUZTI baliokide dira askotan, baina ez beti.
Ur guztia edan du
*Ur osoa edan du
Gauza bera esaten aritu da denbora guztian
*Gauza bera esaten aritu da denbora osoan
Hala ere, gero eta gehiago, OSO ari da hartzen GUZTIren lekua hiztun askoren artean. Halakoetan, GUZTIri eustea GOMENDATZEN du Patxi Petrirenak:
Egun guztia eman dugu lanean
*Egun osoa eman dugu lanean
Ospetsu bihurtu da mundu guztian
*Ospetsu bihurtu da mundu osoan
Morfosintaxiaren inguruko zalantzak eta argibideak. Patxi Petrirena
IRITZIA
EGIA ETA GEZURRA
Japoniarren kulturan badira hainbat sinesmen-edo aipagarriak direnak:
Tatemae esaten diete publikoki adierazten diren pentsamenduei, baina laguna mindu behar ez dutenak. Hau da, batzuetan egia esatea ez omen da erabat zilegi, laguna mintzen badu.
Honne esaten diote benetan pentsatzen denari, baina oso gertukoari bakarrik esan ahal zaiona.
Gure artean ere egia-gezurrari buruz badaukagu kode ezkutu bat, izen berezirik ez duena baina egon badagoena. Horri lotuta Irati Jimenezek eta Anjel Lertxundik badute artikulu bana idatzita:
Irati Jimenez
Egiarik ez, eskerrik asko
Ohitura bitxia modan dagoena. Egia esatearena. Telebistan telekartzelako telepertsona telelkarrizketatu zutenean entzun nuen lehen aldiz. Halako esaldi bat, «niri egia esatea gustatzen zait, gauzak zuzen eta aurrez aurre». Zintzotasuna edonorekin eta edonola, alegia. Blisti-blausta eta datorrena datorrela. Ikaratuta geratu nintzen. Zintzotasuna baino ohitura basatiagorik.
Ordutik, gero eta gehiago entzuten dut. Gizalegea ere ez dakien edonork esaten dizu kalean agurtzen zaituenean, «Aspaldiko! Gizenduta zaude, zaharrago, alferrik galduta». Telebistan han eta hemen entzuten da, nonahi. Egia esan behar dela diote, eta jarraian edozein astakeria, edozein irain, edozein memelokeria botako dute. Aurpegira.
Gauzak zuzen esatea modan omen.
Gaizki gabiltza bide horretatik. Egia botika arriskutsua da. Neurririk gabe pozoi bihurtzen da. Diplomaziarik gabe, gauzak isildu gabe, beste leku batera begiratu gabe, kritika krudelak gorde eta irribarre hipokritarik gabe, gure mundua bizi ezina da. Auzokideari egun ona opa beharrean, «atso kuxkuxero madarikatua, zoaz pikutara» esaten badiogu, barrena askatuko dugu bai, baina egia egiaren truke itsutu egingo gara.
Niri gezurra gustatzen zait, biguntasun apur bat, edukirik gabeko irribarrea dendara noanean, dendaria umore txarrez badago ere. Ze egia eta egiondo. Fikzioa behar dugu. Ez gara basapiztiak, ezin dugu egia neurririk gabe erabili.
Gezurra faborez, gizalegez, arren.
Egia beti? Niri ez, eskerrik asko.
Anjel Lertxundi
Tentuz
Gezurra! erantzuteko gogoa etortzen zait «pentsatzen dudana esaten dut nik!» esaldi fanfarroia entzuten dudan aldiro. Publikoan esaten duguna eta lagun artean adierazitakoa ez datoz bat. Intimitatean esandakoa eta geure baitan pentsatzen duguna ere ez. Filtroak jartzen ditugu, diskurtsoa egokitzen dugu, egoerak agintzen digu zer non esan. Imajinatu zer gertatuko litzatekeen gure baitako pentsamendu eta sentimenduen kaiola kristalezkoa bihurtuko balitz; denen bistara baleude gure hausnarketen joan-etorriak eta zalantzak; maite gaituztenek gardentasun osoz ikusiko balituzte gure baitan lotzen ditugun eta esatera ausartzen ez garen hausnarrak...
Den-denok bridatzen dugu buruan genuenaren mingainerainoko bidea, eta eskerrak: barne-muinetako pribatutasun erabatekoak bermatzen baitu elkarbizitza, «gezurra!» erantzun ordez nahiago tentuz ibili «pentsatzen dudana esaten dut nik!» diotenekin.