Uste izan
"Ustea" eta "beldurra" ez dira gauza bera euskaraz, eta, beraz, "uste izatea" eta "beldur izatea" ere ez, baina sarritan ez dira behar bezala bereizten.
Erdarakada bat da bien arteko gakoa; gaztelaniazko "me temo que..." esaldia itzultzean egiten den okerra, hain zuzen ere.
Alegia, "me temo que..." euskaraz esan behar, eta ezin esan. Adibidez, *"beldur naiz gaizki egin duela".
Halaxe da. Kasu horretan "temer" aditzak ez du "tengo miedo" adierazi nahi, baizik eta "creo que...". Arriskuak dakar beldurra; pentsatzeak, berriz, ustea.
Beraz, aipatu duzun adibidean "uste izan" aditza erabili beharko da euskaraz, hau da, "uste dut gaizki egin duela".
+ "Uste dut gaizki egin duela"
* - "Beldur naiz gaizki egin duela"
PASARTEA
Urte berria. Denboraren joana. Arbasoek urte-sasoiak baino ez omen zituzten ospatzen: udakoa eta negukoa berezienak, omen. Funtsean, baina, nola ospatu aldatu egin den arren, denboraren joanak misterioa gordetzen jarraitzen du.
Bederatzi urteko neskato edo mutikoarentzat denbora luzea da, eta hamar urteko muga ikaragarria iruditzen zaio.
Hogeita hemeretzi urteko gizon edo emakumearentzat denbora arin doa, urterik urte arinago, eta konturatu barik zera baino ez du pentsatzen, “denbora joan doa, eta ni nora noa?”.
Laurogeita bederatzi urteko atso edo agurearentzat denbora atzerako kontaketa da, eta nahi luke ume bihurtu eta denbora luzatzea, eta umeari hamarrekoa ikaragarri zaion bezala berari ere ehun urteko muga ikaragarria iruditzen zaio, baina arrazoi desberdinengatik.
Nork bere denbora bizi baitu.
«Bihotza behar dugu mintzarazi, lagun maiteok» Bernard Larregi
Testamen çaharreco eta berrico historioa (Baiona, 1775)
BIDEOA
Zintzarrien hotsa, Zubietatik Iturenerainoko bidean
http://www.naiz.eus/eu/mediateca/video/zintzarrien-hotsa-zubietatik-iturenerainoko-bidean