DEPENDE
Badira gaztelaniazko “depende” esamoldearen euskal ordain jatorrak:
- Etorriko zara ibilaldira? Depende… Ikusi egin behar…nolako aldartea dudan.
- Mesedetxo bat egingo zenidakete? Depende zer den.. jakin egin behar zen den, erantzuna eman aurretik.
- Elurra omen dakar biharko. Hau poza! Depende nondik begiratzen diozun! Nondik begiratzen den izaten da kontua. Nondik begiratzen den; hor dago koxka.
- Baduzu astirik? Depende zertarako... Zertarako den...
- Lotsatia da ume hori. Depende norekin... Norekin elkartzen den...
Pasartea
(…) Ederra eta isila izan behar du emakumeak. Horren truke gure loreak jasoko ditu: polit hori, kutuna, printzesa eta abar. Batzuetan ironiaz esaten ditugu halakoak. Dena den, jokaera hori soilik gizonezkoen monopolioa ez dela ikusi dugu aste honetan. «No mientas, cariño», bota dio Susana Diazek Pedro Sanchezi, PSOEren burua izateko lehian egin duten eztabaidan. Esamoldea Sanchezen ahotik irten balitz zer gertatuko ote zen galdetu du Luz Sanchez-Melladok, El País-en. Erantzuna: genero polizia aterako zen haren aurka.
Zer eta nola esan, esan behar baldin bada. Nori, noiz. Eguerdian, kalean, ezezagunarentzat oso iraingarria dena oparia izan daiteke bikotekidearentzat gauaren erdian, jardunaren izerdian. Duela gutxi kritikak egin dizkiote idazle espainiar bati. 60ko urteetan girotutako nobelako pertsonaia batek, gizonezkoak, «emakume eder bat» ikusi duela idatzi du. Baliteke emakume hori ederra ez ezik, azkarra ere izatea, dohain asko dituena. Eleberriko pertsonaiak, aldiz, ez du hori nabaritu lehen begi kolpean. «Neska ederra» besterik ez zaio agertu aurrean. Horregatik larrutuko dugu gizonezko idazlea, haren pertsonaiak emakumearen edertasun fisikoa aipatu duelako, beste ezaugarrien berri izan baino lehen? Badakigu zein den Brad Pitten adimen-kozientea?